Lau elkarte feministak Jorge Cremadesen emanaldia kentzeko eskatu zioten Bilboko Campos antzokiari. Salatu zutenez, umoregileak eduki matxistak zabaldu ohi ditu sare sozialen bitartez. Ikuskizuna atzeratu egin dute eta momentuz ez dute data berririk iragarri.
Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean Te odio, pero como amigo bakarrizketa egin behar zuen Jorge Cremadesek Campos antzokian. Adi emakumeak, Gafas Moradas, Clara Campoamor eta Mujeres del Mundo elkarteek egindako eskaeraren ostean, Bilboko Udala SGAErekin (ikuskizunaren antolatzailea) kontaktuan jarri zen, arazoari irtenbide bat bilatzeko. Antzokiak zabaldu duenez, “artistak, atsekabe handiz, ezingo du iragarritako egunetan Bilbon izan konpromiso profesionalak tarteko”. Sarreraren dirua itzuliko zaie kaltetuei.
Jorge Cremades umoregile valentziarraren inguruko polemikak ugariak izan dira azkenaldian. Kritikak jaso ditu sare sozialetan umore matxista egiteagatik eta iazko abenduan egin zioten elkarrizketa batek hautsak harrotu zituen. Gisa honetako esaldiak esateagatik kritikatu zuten: “Gizon gehiago bortxatzen dituzte emakumeak baino” edo “emakume asko gizonak baztertzen dituzte eta inork ez du ezer esaten”.