Adierazpen askatasunaren aldeko hitzorduak dira biharkoak. Estatuko 15 bat hiri eta herritan eginiko deialdiak. Bilbon, Hernanin eta Iruñean, besteak beste, #KallaLaBoca eta #OpFreeSpeech lelopean. Deitzaileen artean hainbat kolektibo daude, tartean, AllFreeDom plataforma, Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataforma eta Sare Antifaxista.
Informazioa, iritzia edota sormen-lana zabaltzeagatik artista, umoregile, kazetari edota txiolarien aurkako "jazarpena" aldi berean salatzea dute helburu biharko elkarretaratzeek. Pablo Hasel, La Insurgencia, Valtonyc, Alfredo Remirez edota Julen Ibarrolak jasandako Estatu espainiarraren "etengabeko erasoa" errefusatzea, hain zuzen ere.
Estatutik kanpo, hamar bat elkarretaratze egitekoak dira, Dublinen eta Buenos Airesen, besteak beste; gehientsuenak, tokian tokiko Espainiako enbaxadaren aurrean.
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.