argia.eus
INPRIMATU
Adierazpen askatasunaren alde egin du Bilboko Hontzak konpartsak, ‘Vatikanoko harategiak’ dekorazioaren epaiketaren aurrean
  • Asteartean konpartsako kide bat epaituko dute, Bilboko Aste Nagusiko txosna Kristo gurutziltzatu batez eta giza gorputzen zatiz osaturiko harategi baten irudiz dekoratzeagatik.

Bilbo Hiria Irratia @bilbohiria 2018ko abenduaren 13a

2017ko Aste Nagusian gertatu zen: Gotzaingoak salatuta, Hontzak konpartsaren dekorazioa kendu zuten. Konpartsaren dekorazioak “Vatikanoko harategiak” zuen izena, eta han ikus zitekeen Kristo gurutziltzatu bat, eta giza gorputzaren zatiekin osatutako harategi bat. Hau irakur zitekeen: «Hartu eta jan, nire gorputza da eta".

Konpartsaren nahia "desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunaren ariketa praktiko bat egitea izan da, Espainiako Zigor Kodearen parte den 'sentimendu erlijiosoen aurkako delitu' delakoaren kontra". Umoreari mugarik ez zaiola jarri behar adierazi nahi izan zuten ariketa horrekin.

Argudiatu zuten sineskeria indibidualak ezin direla oinarrizko eskubideen gainetik egon, adierazpen askatasuna kasurako. Datorren asteartean epaituko dute Konpartsa kide bat Vatikanoko harategia deituriko dekorazioagatik.

Oraingoari beste bi salaketa gehitu zaizkie, Jose Ignacio Irustarena, falangeko buruzagi batena eta Huelvako pertsona batena. Konpartsak elkarretaratzea deitu du astearterako epaitegien aurrean, goizeko 10:30etan.

 

Albiste hau Bilbo Hiria irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.