argia.eus
INPRIMATU
Adierazleen ideologia
  • Errealitate ulertzeko betaurreko egokienak omen dira adierazle ekonomikoak. Eta ez nolanahikoak; ikuspuntu objektiboa eskaintzen digute, bisio arrazionala, ideologiaz kutsatu gabeko purutasuna: bi gehi bi lau. Posible ote?

Ander Gortazar Balerdi @derzu_uzala Unai Aldasoro @_Soro_ 2014ko otsailaren 26a
Extraordinary Observer. Enkel Dika

Adibide gisara har dezagun Barne Produktu Gordina, hau da, lurralde batek sortutako produktu eta zerbitzuen moneta balioaren batura. Ikuspuntu honek mesprezatzen ditu lan erreproduktiboa (salerosketarik ez dagoelako), lurraldeko desorekak (batura aztertzen delako), lan istripu, osasun kalte, naturaren ustiapena… Hau da, ekoizpenaren balio monetarioa aztertzen da, ondorioekiko independente.

Adierazle honek jendartea merkatu ekonomiarentzako plaza gisa ulertzen du. Esan genezake ekonomia jendarteari gainjartzen zaiola. Noski, hau ikuspuntu ideologiko bat da, erabaki politikoak justifikatzeko eraikitako mantra: “egunerokoa ez da berez horren itsusia, ikusmen arazoan dago gakoa, perspektiba orokor faltan”. Baina hortxe dago, zehazki, koska: BPGak hobeto gaudela adieraz dezake jendearen eguneroko egoera nabarmen kaltetu arren.

Ekonomia jendartearen erreminta bezala ulertzen badugu adierazle hauek ez zaizkigu erabilgarri. Demagun norbaitek Multiplo Komun Txikienaren begiekin aztertzen duela lurralde bat. Guztiek konpartitzen duten bizi baldintza minimoa. Azterketa honek guztiz bestelako erabaki politikoak bultzatuko lituzke egoera hobetzeko.

Lurraldea deskribatzeko dira lagungarri datuak, hausnarketarako, kualitatiboari kuantitatiboa gehitzeko, baina noski, adierazleak behatzen dugunarekiko dira koherente. Errealitatea eraldatzeko deskribatzaile berriak behar ditugu.