argia.eus
INPRIMATU
David Hearst:
“Adierazle guztiek iragartzen dute porrot estrategikoa Israelentzat”
  • Deavid Hearsten ustez Israel gogor ari da kolpatzen Hamas, baina hala ere, estrategikoki Israel galtzen ari da. Bera Middle East Eye Ekialde Erdiko gaiak jorratzen dituen hedabideko sortzaileetakoa da eta egungo erredaktore burua.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 21

“Mendebaldeko iritzi publikoaren aldekotasunaren galera, Nazioarteko Justizia Gortean duen genozidio salaketaren auzia, juduen kontsentsuaren haustura, eta Israel sostengatzen dutenen urduritasuna hor dira, eta osagai horiek guztiek adierazten dute Israelen porrot estrategikoa.

Gerra orain geldituko balitz ere, Gaza okupatzeagatik Israelek ordaindu behar izan duena duela bost hilabete irudika zezakeena baino handiagoa izango da. Oraindik, aldiz, ez da horretaz ohartu. Ohartuko da”.

Egoeraren analisi zorrotza egiten du Hearstek eta ez du inongo zalantzarik Israelen erasoak gogor kolpatu duela Hamasen indar operatiboa. Baina Israelen porrot estrategikoaz mintzo denean, batez ere atzerrira begiratu du eta ondorioztatu du herrialde hori mundu mailako iritzi publikoan gero eta isolatuago dagoela, dagoeneko ez dela ikusten historiako paria moduan, baizik eta supremazismo juduaren eta supremazismo zuriaren adierazle goren gisa. Israelgo soldaduek haien hilketak inpunitate osoz aireratzen dituztela aipatzen du, eta haiek uste dutela horrek ez duela garrantzirik, baina bere ustez bai: mundua begira ari da.

Horren adibide ugari ere aipatzen ditu, besteak beste AEBetako eta Erresuma Batuko judu gazteek Israelen erasoekiko erakusten duten desadostasuna. Edo martxoan bertan AEBetako senatari eta hango juduen buru den Chuck Schumerrek esandakoa: “Guztiz prest geunden Gazako biktima zibilak onartzeko, baina horrek ekarri du mundu mailan Israelek duen sostengu maila modu historiko batean erortzea. Israelek ezin du biziraun paria bat bihurtzen bada”.

Baina atzerrira beste begiratu du Israel barrura: Benjamin Netanyahu lehen ministroak gero eta zailtasun handiagoak ditu gerra luzatzeko, adituen askoren ustez hori bukatzean bera ere eroriko delako. Gerrak ekarriko omen dizkio ondoriorik, baina justiziaren aurrean zain dituen lau ustelkeria auziek espetxera ere eraman dezaketela uste du hainbatek.

Horrez gain, gobernuak azken asteetan arazo handiak izan ditu Yitzahak Yosef Israelgo errabino handiarekin. Horren esanetan, gobernuak haredim judu ikasle ortodoxoak soldadutzara deitzen baditu, horiek era masiboan alde egingo lukete Israeldik. Yair Lapid oposizioko buruak dio 66.000 ikasle horiek armadara batuz gero, armadarentzat beharrezkoak diren 105 batailoi berri eratuko liratekeela. Auzi honek sekulako iskanbila ekarri du Israelen, gizartean zein gobernu barruan, judu batzuen ustez Tora-ren –judaismoaren liburu fundatzailea– zerbitzari horiek armadara batu beharko liratekeelako eta beste askoren ustez ez.

Horiek eta beste hainbat arrazoi ere aipatzen ditu Hearst-ek bere artikuluan.