argia.eus
INPRIMATU
Adi faxismoarekin

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko abuztuaren 07a

Munduan 2007tik gaurdaino bizi dugun krisi sistemikoa gainean dugula, beldurgarria da The Great Trasformation irakurtzea: gaur egun parekotasun gehiegi ematen dira 1929ko krisiaren aurreko Europarekin. Kapitalismoak zaldi zoroa dirudien honetan, liburuaren tesiak inoiz baino gaurkoagoa dirudi: merkatu ekonomiak pertsonaren eta bere ingurune naturalaren hondamendia dakar. Besteak beste, argi bezain ongi azaltzen du kapitalismoaren noraezaren aurrean sortu zela faxismoa, merkatu ekonomia bideratzeko, bidenabar pertsonaren eskubideak eta askatasuna birrinduz.

XVIII. mendeko Ingalaterran ematen den merkatu ekonomiaren sorrera eta garapena aztertzen ditu egileak. Gizarte modernoaren ardatz bihurturik, betikoa ematen du liberalismo ekonomikoak, baina ez, historiari begira, berria bezain suntsigarria dela erakusten digu 1944an idatzitako liburu honek. Eta suntsitze horren aurrean, gizarteak protekzionismoa sortzen du babes gisa –tartean ongizate estatua–, suntsitu-berregin etengabeko dinamika eraginez. Sozialismo kristauaren orbitan kokatzen dute Karl Polanyi eta lan hau kapitalismoaren barrenak marxista ez den ikuspegi batetik ezagutzeko aukera bikaina da.

EGILEA: Karl Polanyi
Beste erdaretan: La gran transformación (es) | La Grande Transformation (fr)
Farrar & Rinehart, 1944
336 orrialde