argia.eus
INPRIMATU
Adi Emakumeak eta Matxintxuren sarea prest indarkeria matxistaren aurka ekiteko
  • Arabako Aiaraldeako elkarte horietako emakumeek boluntarioki hartuko dute parte Tartekari Sarean, tratu txarrak jasotzen dituztenei babesa, informazioa, orientazioa eta laguntza eskainiaz.

Aiaraldea @aiaraldea 2017ko azaroaren 06a
Matxintxu elkarteko kideak, talde argazki batean. / matxintxu.blogspot.com

Urduñako Adi Emakumeak eta Orozkoko Matxintxu elkarteek parte hartuko dute Tartekari Sarea programan. Helburutzat bortizkeria pairatzen duten emakumeak detektatzea eta laguntzea dute. Sarea 70 eragilek osatzen dute eta Bizkaiko 37 elkartek bat egin dute ekimenarekin. Xedea da bortizkeria matxistarekin amaitzea eta emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna sustatzea.

Elkarte horietako emakumeak boluntarioki batuko dira sarera, tratu txarrak jasotzen dituztenei babesa, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko, adituak diren gizarte zerbitzuetara jotzeko aukera izan dezaten.

Modu horretan erraztu nahi dute hitz egiteko topagune babestua, konfidentziala eta pribatua; emakumea "seguruago" sentitu dadin. Bestalde, profesional espezializatu talde baten trebakuntza eta aholkularitza jasoko dute. 

Telefonoak

Bi elkarteek eskura jarri dituzte telefono zenbakiak, nahi duenak dei dezan laguntza eske edo informazioa jasotzeko. Orozkoarren kasuan 688 727 188 da zenbakia, eta Adi Emakumeakena 688 727 187 izango da.

Albiste hau Aitor Aspuru Saezek idatzi du Aiaraldea.eus-en eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta