argia.eus
INPRIMATU
Adeu BCN: turismo masiboaren eta alokairuen igoeraren kontra Bartzelonan
  • Bizilagun kolektibo ugarik manifestazioa deitu dute larunbaterako. Bizilagunen kanporatzeari aurre egiteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak eskatuz, gero eta talde gehiago antolatzen ari dira.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 09a

Turismoaren masifikazioak eta etxebizitzen espekulazioak hirian protesta ugari sortu ditu azkenaldian, eta elkarrekin lan egiteko beharra azaldu dute kanpaina bultzatzen duten elkarteek.  

Izan ere, azken aste eta hilabeteetan ekimen eta dinamika berriak abiatzen ari dira Bartzelonan, Turismo Jasangarrirako Auzo Asanbladak edo Maizterren Sindikatuak, kasu. Dinamika guzti hauek batu eta Adeu BCN kanpaina abiatu dute.

Espazio publikoa enpresa turistikoentzat bideratzen duen hiri ereduari aurre egiteko deia luzatu dute deitzaileek eta manifestazio hau ekimen gehiagoren hasiera dela iragarri dute beraien webgunean.

“Milaka turista 'Hola Barcelona' atsegin batekin hartzen diren bitartean, guk argi dugu norbaitek AdéuBCN esan behar duela”. Izan ere, alokairuek gora egiten jarraituz gero, hiria osorik izango da turistentzat, bertako bizilagunak etxea uztera derrigortuta izango direla adierazi dute.