argia.eus
INPRIMATU
LAB
“ADEGIk ez du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo adostu bat egitea nahi”
  • Gipuzkoako metalgintza hitzarmenak urgentziazko helburutzat jarria du sexu jazarpenaren kontrako protokolo bat adostea. "Urtebete egon gara bilerak egiten, eta errealitate gordinaz jabetu gara: Araugilea, hau da, derrigorrezkoa izango den ezer adosteari uko egiten dio ADEGIk" adierazi du LAB sindikatuak. Sektoreko emakumeekin erantzun bat prestatuko duela iragarri du sindikatuak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 05a
Argazkia: LAB.

2020an sinatu zen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena. Bertan adostutako konpromisoetako bat hori zenez, sektorean berdintasuna landuko zuen batzordea eratu zen. Batzorde horrek urgentziaz landu beharreko helburu bat jarri zuen: sexu jazarpenaren kontrako protokolo bat adostea.

LABek azaldu duenez, "nahiz eta enpresa guztiak egon derrigortuak sexu jazarpenari aurre egiteko neurriak adostera, errealitateak argi erakusten digu, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiek berdintasun planak negoziatzeko derrigortasunik ez dutenez, gai hauetan ez dutela inolako neurririk aplikatzen. Hortaz, sexu jazarpenaren kontrako protokoloa bertan adostea ia ezinezkoa da bertako emakumeak babesgabe utziz".

"Ez da onargarria protokolo bat zehazteari uko egitea"

Sindikatuak adierazi du urtebete egon dela patronalarekin bilerak egiten, 2021eko martxoaren 9an egin baitzuten lehen bilera. "Urtebete nahikoa izan da LABentzat errealitate gordinaz jabetzeko: ADEGIk ez du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo adostu bat egitea nahi. Araugilea, hau da, derrigorrezkoa izango den ezer adosteari uko egiten dio ADEGIk". Borondate falta gaitzetsi du: "Ez da onargarria horrelako egoera larriak ematen direnerako protokolo bat zehazteari uko egitea, jakinik protokoloaren helburu nagusia biolentzia matxistaren prebentzioa, sentsibilizazioa eta erasoa eragotzi ez denean, berau jasan duen emakumea babestea dela".

LABek ADEGIri "exijitu" dio bere jarrera alda dezan, eta indarkeria matxistaren kontra aplikatu beharreko protokolo bat adostu dezala. "Egoeraren larritasuna kontuan izanda, LABek sektoreko emakumeekin erantzun bat prestatuko du" iragarri du sindikatuak.