argia.eus
INPRIMATU
Adarra saria jaso du Errobik
  • Anje Duhalde eta Mixel Ducauk osatzen duten Errobi euskal folk-rock taldeak Viktoria Eugenian jaso zuen saria Eneko Goia alkatearen eskutik.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko ekainaren 24a
Argazkia: Eneko goia

Anje Duhalde eta Mixel Ducauk osatzen duten Errobi euskal folk-rock taldeak atzo jaso zuen 2024ko Adarra Saria. Ohi moduan, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak eskainitako saria Viktoria Eugeniako oholtza gainean jaso zuten omenduek, eta horren ostean, kontzertua eskaini zuen Lapurdiko bikoteak. 

Omenduek zaleei eta saridunak proposatu zituen aholku batzordeari eskerrak eman zizkioten: “Biba zuek! Gu zerbait izateko hor behar zaretelako, bestela ez gara ezer!”. Era berean, euskaraz egindako musikarentzat hitz batzuk izan zituen Lapurdiko taldeak: “Biba musika! Batez ere gora euskara! Gure territorio libre bakarra!” adierazi zuen Anje Duhaldek saria jaso ostean. 

Taldeak 50 urte bete ditu aurten. Batzordearen arabera, “Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.

Adarra Saria

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin handiko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Hamaikagarren urtean  Errobi taldeak jaso du omenezko saria eta orain arte Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak taldea, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia eta Zea Mays taldea izan dira sarituak.