“Sistemak baimentzen dizkigun bide instituzional guztiak agortu ditugu, eta negoziazioek porrot egin dute.Beraz, desobedientzia zibila areagotuko dugu” adierazi du Ada Colau Hipotekak Kalteturiko Plataformako (PAH) bozeramaileak.
Plataformak emango duen hurrengo pausoa, finantza erakundeen menpe dauden etxebizitza hutsak okupatzea izango da.
Escracheen ostean beste formula bat beharrezkoa zutela esan du Colauk. “PAHren gizarte-ekintza” deitu duten hori, “irteera politiko faltaren aurrean hartutako biziraupenezko neurria” besterik ez dela azaldu du.
Estatistiken arabera, milioi bat etxe huts daude bankuen eskuetan Espainiako Estatuan. Etxe horien okupazioa Kode Penalak delitutzat jo arren, “gure ustez, bizilekurik ez duten familiei ematea legitimoa izango litzateke”, adierazi du bozeramaileak.
Etxebizitzen okupazio masiboa bankuei presioa egiteko tresna eraginkorra izango dela uste du PAHk. Haien iritziz, etxebizitza hutsak existitzeak ekonomikoki ere ez du zentzurik, “abandonatzearen ondorioz hondatu egiten direlako, eta jabe partikularrek kalte horien gastuak ordaindu behar dituzte, bankuek ordaintzen ez dutelako”.