argia.eus
INPRIMATU
Ada Colau: “Gehiengoa gara, baina botererik ez dugula pentsatzeko hezi gaituzte”
Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 06a
Colau: \"Herritarren ordezkariak izan beharko luketenak, demokraziaren etsai nagusiak dira\". (Argazkia: lavanguardia.com)

“[Rajoyren agerraldiaren] okerrena, den-denok hori bera espero genuela da: bere burua modu justifika ezinean eta zigorgabetasun osoz zuritzea. (...) Kongresua ez dago gertakariek eskatzen duten mailan, eta horrez gain, herritarren ordezkariak izan behar luketenak demokraziaren etsai nagusiak dira. Egoera iraultzeko modu bakarra herritarren inplikazioa da”.

“PAH-rekin gertatu denak argi utzi du: baliabide gutxi izanda ere, antolatuz gero, sinestarazi digutena baino askoz ere botere handiagoa dugu. Gehiengoa gara, baina botererik ez dugula pentsatzeko hezi gaituzte”.

“Eskratxeak arrakastatsuak izan ziren hainbat alorretan. Hasteko, argitu behar da eskratxeak ez zirela ezerezetik sortu; lau urtez Administrazio Publikoaren arreta gureganatzeko saiakera antzuan jardun ondoren hasi ginen horrekin, inpotentziaz gainezka. Gainera, agerian utzi zuten bizi dugun krisi demokratikoa. Esan bezala, ekintza arrakastatsua izan zela uste dugu, eta berriz erabiliko dugu beharrezkotzat jotzen dugunean”.

“PPko ordezkariak gu kriminalizatzen saiatu ziren, baina maila juridikoan, eta batik bat maila sozialean, gaizki atera zaiela esango nuke. Lau urte baino gehiago igaro dira plataforma sortu zenetik, eta mundu guztiak ezagutzen du. Herritarrek badakite giza-eskubideak defendatzen dituen herri-mugimendu bakezalea dela. Terroristaren guztiz kontrakoa gara, bankuen terrorismoaren aurka antolatzen den eragilea baikara. Horregatik, kriminalizazio saiakera horretan geratu da, saiakeran.”

“Hain da larria Espainian erakunde publikoek eta finantza-erakundeek egin dutena, botere ekonomiko eta politikoak krisiaren azalpen ofizial bat asmatu duela, bitkimak kriminalizatzen dituena. Hasiera batean funtziona dezake, herritarrak lotsatuta eta etsita baitaude. Horregatik, PAHren lan-lerro nagusietako bat aholkularitza kolektiboa izan da, kaltetutako herritarrek arazo indibiduala baino gehiago dela ikus dezaten. Hori sinestarazten badizute ere, zu ez zara ‘galtzaile’ bat. Arazo kolektibo bat da, jatorrian iruzurra duena”.

“Bide honetatik jarraitzen badugu, herri mugimenduei ekinez, politikari eta bankariak bere lekuan jarriko ditugu lehenago edo geroago. [Espainiar estatuan] batzuek herritarrei gezurrak esan eta lapurtu egiten diete, eta ez du inork kargua galtzen. Ondorioz, bota egin beharko ditugu”.