argia.eus
INPRIMATU
Ada Colau (Bartzelonako alkatea)
“27ko hauteskundeetan garbi ikusi zen katalanen gehiengoak erreferendum lotesle bat egitea nahi duela”
  • Bartzelonako alkate Ada Colauren aburuz, azken hauteskundeek bi gauza utzi zituzten agerian: independentziaren gaiak Katalunia bi bloketan banatzen duela eta, batez ere,  gehiengo demokratiko batek erreferendum lotesle bat egitea nahi duela.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 07a
Mariano Rajoyri Kataluniako gizarteari “entzungor” egitea egotzi dio Colauk

Ikusmin handia zegoen Colauk bozez ateratako balorazioak ezagutzeko, 27az geroztik publikoki hitz egin gabea baitzen. Horrela, bada, Carne Cruda saioan kataluniarren gehiengoak bere etorkizuna erabakitzeko nahia erakutsi duela azpimarratu du. Gainera, Mariano Rajoyri Kataluniako gizarteari “entzungor” egitea eta Espainiaren eta Kataluniaren artean blokeo egoera eragitea egotzi dio, nabarmenduz Gobernu zentralaren inmobilismoa eta mehatxuak tokiz kanpo daudela.

Merçeko jaietan udaleko balkoian jazo zen gertaeraz –ERC eta PPko zinegotzien arteko “banderen gerraz”– galdetuta, Bartzelonako alkateak “auzolotsa” sentitu zuela eta egoera ekiditen saiatu zela adierazi du. “Alfred Boch-i Kataluniako bandera ken zezan eskatu nion, baina une horretan Alberto Fernandez Diazek bandera espainiarra atera zuen. Ezin izan genuen ezer egin”, gaineratu du.

Bestalde, karguan daramatzan lehen 100 egunen balorazio positiboa egin du. Bere ustez, aplikatzen ari diren aldaketek oraindik denbora behar dute eragina izan dezaten, neurriak “epe ertainera begira harturikoak” baitira, baina, era berean, Barcelona en Comu koalizioak dituen lehentasunak jada martxan daudela azpimarratu du.