Ciudadanosek Espainiako Estatuko Kongresuan dituen 32 diputatuen babesa jasoko du Rajoyk inbestidura saioan eta aurreikusten da Coalición Canariako diputatu bakarrarena ere izango duela. Lehenengo itzulian presidente izendatzeko gehiengo osoa behar du, eta hortaz, beste sei boto behar ditu bere alde Rajoyk.
Bigarren itzulian hamaika diputaturen abstentzioa beharko luke Rajoyk presidente izateko, gehiengo soila, alegia. Lehenengo itzulian arrakastarik lortzen ez badu, irailaren 1ean izango da bigarren inbestidura saioa.
Albert Rivera buru duen alderdiak “ustelkeriaren kontrako paktua” onestea eskatu zion PPri babesa lortzeko bidean. Rajoyk abuztuaren 18an onartu zituen akordioaren baldintzak eta hala, Ciudadanosen 32 diputatuk aldeko botoa emango diote Rajoyri abuztuaren 30ean. Ostiralean sinatuko dute hitzarmena bi alderdiek.
Hauteskundeak hirugarrenez, beharrezko babesa lortzen ez badu
Abenduaren 25ean izango lirateke Espainiako Estatuko hauteskundeak Rajoyk babes nahikoa lortuko ez balu. Horraino heldu gabe, Felipe VI.a Espainiako erregeak Rajoyren beste inbestidura saio bat proposatzeko aukera du, edota beste hautagai baten ingurukoa.
PSOEk “ezezko borobila” esan dio, momentuz behintzat, Rajoyri. PPk, ordea, Sanchezen txanda dela gogorarazi du, eta hark abstentzioa aukeratu ezean, hirugarrenez hauteskundeak izango direla leporatu dio. Kataluniako PPko Xavier García Albiolek, esaterako, Eguberrietan hauteskundeak errepikatzeko arriskuarekin presionatu du Sanchez:
El 30 debate investidura. A ver si @sanchezcastejon tiene "narices" d enviar a 36.000.000 d españoles a repetir elecciones el día d Navidad
— Xavier García Albiol (@Albiol_XG) 18 de agosto de 2016