80 urteko Maria Angeles usurbildarraren semeak mailegua eskatu zion Reno Asument SL madrildarrari, abal gisa jada ordainduta zegoen amaren etxea erabiliz. Abusuzko klausula bat baliatuz, hiru kuota ez ordaintzearekin batera Renok auzitegietara jo zuen etxea enkantean jartzeko. Prozesua gelditzeko borrokan ari da Stop Kaleratzeak plataforma.
Aurretiazko epemuga izeneko klausula baliatu du mailegu-emaile madrildarrak, etxe kaleratzea abiatzeko. Klausula hori baliogabetzat jo du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Aldiz, Maria Angelesen semeak epaitegira jo zuenean (semea hilda dago gaur egun), epaileak ez zuen baliogabetzat jo. Hala, 2021eko apirilean 80 urteko usurbildarrak albistea jaso zuen, bere etxea enkantean jarriko zutela, hiru kuota ez zirelako ordaindu.
Etxegabetze prozesua martxan den honetan, Stop Kaleratzeak plataformak epaileari eskatu dio mailegu-emaileari galdetzeko zenbatekoa den gaur egun arte ordaindu gabe dauden kuoten diru kopurua, eta helburua da kuota horiek ordainduz zorra kitatu, enkantea atzeratu eta Maria Angeles bere etxean gelditu ahal izateko soluzioak negoziatzea.
Semeak 60.000 euroko mailegua eskatu zuen, baina bistan da, usurbildarraren 90 metro koadroko etxeak balio handiagoa du.
Abalisten drama
“Abalisten drama salatu nahi dugu, erretiratuta dagoen adineko jendearen drama, zeintzuen etxea, jada ordainduta dagoena, seme-alaben maileguetarako berme bihurtu den maiz. Plataforman halako kasuen biktima diren sei pertsona ditugu”, azaldu du Stop Kaleratzeak-ek. “Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa. Ez dugu etxe kaleratze hau onartuko, helburua da Maria Angelesek bere etxean bizitzen jarrai dezala, azken egunera arte, eta horretarako bide judizial guztiak, herritarren mobilizazioa eta instituzioen bitartekaritza baliatuko ditugu”. Afera honetan Usurbilgo alkatearen babesa izaten ari direla azpimarratu nahi izan du plataformak, baita EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiko ordezkariena ere, LAB eta ESK sindikatuena, eta pentsionisten kolektiboarena.