argia.eus
INPRIMATU
Alemaniako 500dik gora haurrek jasandako erasoek Vatikanoa ere zipriztindu dute
  • Elizak aginduta 2015ean martxan jarritako ikerketa argitaratu dute asteartean Alemanian. 1945 eta 1990 bitartean 547 umek tratu txar fisikoak jasan zituztela adierazten du, eta horietatik 67k sexu erasoak, bortxaketak tarteko, El País hedabidean irakur daitekeenez.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 19a
Orduan Aita Santu zen Benedicto XVI.a bere anaia Georg Ratzingerri eskua ematen Ratisbonako koruaren aurrean, 2009an (arg.: Osserbatore Romano).

Eliza Katolikoa berriz ere zipriztindu dute abusu eta pederastia kasuek. Oraingoan Alemaniako Ratisbona hiriko katedraleko abesbatza ezagunean jarri dira fokuak. 2010ean atera zen eskandalua, Franz Wittenbrink zuzendari eta konposatzaile alemaniarrak publikoki salatu zuenean ‘Ratisbonako katedraleko txolarreak’ tratu txar fisikoen eta sexu abusuen biktima zirela: “Kantatzera ateratzean izarrak ginen, baina barnetegira itzultzean Erdi Aroko mundu beldurgarri batean sartzen ginen”.

Ulrich Weber abokatua izan da ikerketa argitaratu duena. Georg Ratzinger Benedicto XVI. Aita Santua izandakoaren anaia ere jo puntuan jarri du txostenak, bera izan baitzen erasoak gertatutako tarte luze batean (1964-1994) koruko zuzendaria. Eskandalua lehertu zenean Georg Ratzingerrek berak onartu zuen diziplinarik ez zuten haurrei zaplaztekoak eman izana, baita barnetegiko zuzendariak zigor fisiko gogorrak jartzen zituela ere. Horrekin batera, azaldu zuen haur batzuk kantatzera ateratzen ziren garaietan kontatu ziotela tratu txarrak jasaten zituztela, eta Weber abokatuak adierazi duenez “katedraleko abesbatzako zuzendariak, jakinaren gainean egonda ere, nahiago izan zuen beste aldera begiratu”. Horrekin batera azaldu du zuzendariak ez zuela sexu abusuen berri.

Benedicto XVI, Vatikanoa eta kargu aldaketak

Alemanian albistea zabaldu zenean Ratisbonako apezpiku zen Gerhard-Ludwig Müller ahalegindu zen eskandaluak benetan zuen tamaina txikitzen, eta adierazi zuen ordezkari baten bidez, lauzpabost haur izan zirela tratu txarrak jasan zituztenak. 2012an, baina, Benedicto XVI.ak Vatikanoan prefektu kargua eman zion, iragan uztailean Francisco Aita Santuak kargutik kendu zuen arte. Ulrich Weber abokatuak salatu du apezpiku ohiak trabak jarri izana ikerketa sakona egiteko.

Rudolf Voderholzer Ratisbonako egungo apezpikuak eskatu zion Weberri ikerketa martxan jartzeko, 2015ean. Ordutik erasoen ustezko 49 egile identifikatu ditu, baina gehienak ezin izango dira epaitu delituak preskribituta daudelako. Dena dela, Ratisbonako apezpikutzak 20.000 euroko laguntza ekonomikoak bideratu ditu biktimentzako.