Larunbat goizean Ertzaintzak Donostiako Infernuko auzoa hartu du bizilagun baten brote psikotikoa "kontrolatu" nahian, Infernua Bizirik-ek eman duen komunikatuaren arabera.
Infernuko bizilagunek azaldu dutenez, anbulantzia etorri aurretik ertzaintzaren hamar ibilgailu iritsi dira etxe azpira, eta Polizia armaturik bortizki sartu da auzoan. "Ertzaintzak armak eskuetan zituen, gure leihoetara apuntatzen", azaldu du Infernua Bizirik-ek. Brotearen "aitzakian", auzotar guztiak banan-banan atera dituztela salatu dute, bultzaka, eta denak identifikatu dituztela. Ondoren, etxe guztiak baimen judizialik gabe miatu dituztela azaldu dute. Are gehiago, Polizia auzoko kideen etxeetan bi edo hiru orduz brotearekin zerikusirik ez duen "operazio ilegal" batean ibili dela adierazi dute.
Auzotarrak kolaboratzeko prest agertu dira ondoezik zegoen pertsona artatu zezaten, Infernua Biziriken esanetan, baina laguntza orori uko eginez Polizia oldarkor sartu dela eta hainbat gauza hautsi dituela salatu du. Azkenean, brotea pairatu duen pertsona anbulantzian eraman dute ospitalera.
Gauzak horrela, ertzaintzak izandako jarrera neurrigabea salatu dute Infernu auzoko bizilagunek. Batetik, ez dutelako egoera kudeatzen lagundu, eta bestetik, horren aitzakian auzoko etxe guztiak ilegalki miatu eta identifikazioak egin dituztelako.