argia.eus
INPRIMATU
Absoluzioa eskatu dute Tubacexeko langile baten epaiketa aurrean
  • Elkarretaratzea egin dute Gasteizko Epaitegien aurrean "auzipetuentzat absoluzioa" eskatzeko. 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote ostegunean epaitu duten Tubacexeko langileari.

Hala Bedi @halabedi 2023ko ekainaren 16a

Dozenaka lagun bildu dira gaur, osteguna, goizeko 9:30etan Gasteizko Epaitegien aurrean, barruan Tubacexeko langile bat epaitzen ari ziren bitartean. Bigarren aldia da 2021eko urrian amaitu zen grebagatik enpresako langile bat epaitu dutena, eta 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute bere aurka, agintearen aurkako atentatua eta erresistentzia leporatuta. Epaitegi kanpoaldean bildutakoek absoluzioa eskatu dute Tubacexeko langile honentzat eta gainerako auzipetuentzat, eta aldarrikatu dute «langile borroka ez dela delitua». Beste 6 pertsona epaituko dituzte grebako gertakarien harira, eta denak batera hartuta 20 urteko espetxe zigor mehatxua dute.

Protestaren deitzaileek azaldu dutenez, gaur epaitu duten Tubacexeko langilea ertzainen lehenengo «kargaren» testuinguruan atxilotu zuten. Langileak tabako pakete bat bota zuen ertzainen noranzkoan, haiengana heldu gabe, eta horren ondoren 4 ertzain bere gainera oldartu ziren, kolpatu egin zuten eta lesio iraunkor bat eragin zioten. Ertzainen testigantzetan oinarrituta «atentatua eta erresistentzia» delituak egozten dizkiote langileari.

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea izan da protestan, eta berak azaldu du atxiloketak, jipoiak eta isunak jaso zituztela ertzainen aldetik Tubacexeko greban zehar. Mendia bera izan zen azken grebagatik epaitutako lehenengo pertsona, eta absolbitu egin zuten iazko azaroan. Bideo batean argi ikusten zen ertzainek leporatzen ziotena ez zela egia, eta epaileak ere sententzian adierazia utzi zuen muntai polizial kasu bat izan zela. Ertzain horiek, Hala Bedik jakin duenez, ez dute bestelako zigorrik jaso gezurretan aritzeagatik.

Aintzane Mendiak azaldu du gaur epaitu dutenarekin zazpi lagun epaituko dituztela grebaren harira, hiru enpresako langileak dira eta beste laurak grebaren alde borrokatu zuten eskualdeko beste enpresetako langileak dira. Enpresako langileen kasuan azaldu du badaudela egoera azaltzen duten bideoak, epaiketan lagunduko dituztenak, baina Aiaraldeko bizilagunen kasuan ez, eta «zailagoa izango dela haien errugabetasuna frogatzea». Izan ere, Tubacexeko langileak ez diren pertsonen aurka «gogorrago jo dutela» aipatu du Mendiak. Langileen borrokarekiko elkartasuna kriminalizatzeko mekanismo gisa hartu dute ezberdintasun hau. 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigor eskaera dago haien aurka, parte hartu ez zuten pikete baten harira. Piketera heldu zirenean atxilotu zituztela azaldu du Mendiak, eta horregatik ez dagoela haien bideorik.

Gaur Gasteizen «Ertzainas en lucha» plataformak mobilizazioa egin du eta tranbia mozteko asmoa adierazia zuen berriro ere. Horren aurrean Aintzane Mendiak moral bikoitza salatu du, greba garaian Tubacexeko langileek tranbia moztu zutenean «gogor jipoitu» zituztelako ertzainek, eta orain haiek ez dutelako lanean dauden ertzainen oztoporik jasotzen. Aipatu du bidegabekeria bat dela epaile batek esatea «haiek egin dezaketela», besteok kolpatu egin gintuztenean.