argia.eus
INPRIMATU
Absoluzio eskaerarekin amaitu zen ostiralean Tubacexeko grebalari baten kontrako epaiketa
  • Ostiralean izan da urriaren 11n atzeratu zen epaiketa eta langile akusatuak bere errugabetasuna aldarrikatu du epailearen aurrean. Hemen ikus daitekeen bideoa erabili dute hori erakusteko.

2023ko azaroaren 13a

Urriaren 11n atzeratu ondoren, gaur izan da, azkenean, Tubacexeko greban 2021eko otsailaren 23an gertatutakoari lotutako epaiketa. Grebalari batek agintaritzaren kontrako atentuaren akusazioari egin dio aurre, eta 14 hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatu diote.

Langileak bere errugabetasuna defendatu du eta horretarako oinarria, bi lekuko eta bere deklarazioak ez ezik, herritarrek kalean zein etxeetatik grabatutako bideoak izan dira. Irudi horietan behargina beltzez jantzita eta oinetako zuriekin agertzen da. Etengabeko erreferentea izan da bideoa epaiketa osoan, egun horretan gertatutako lehen liskarrak guztiz agertzen baitira.

Langileak berak adierazi moduan, ikus-entzunezkoan agente batzuekin talka izan zuela jasotzen bada ere, argi eta garbi ikusten da ertzainen oldarraldia eta grebalarien erantzuna gertatu zenean, berak alde batera egin zuela eta istiluetatik laupabost metrora zegoela.

Salaketa jarri zuen ertzainaren deklarazioa besterik ez

Fiskaltzak lau agente deitu ditu deklaratzera. Bat Laudioko operazioaren burua zen, baina Brigada Mugikorreko poliziak ere egon dira. Guztiek aipatu dute egun bortitza izan zela (Laudioko komisaldegiko buruak esan du 30 urtetan inoiz ez zutela horrenbeste jo), baina soilik 22166 agenteak adierazi du akusatuak eraso egin ziola. Beste ertzainek ukatu dute ezer ikusi izana.

Laudioko komisariako buruak esan du 30 urtetan inoiz ez zutela horrenbeste jo

22166 agenteak, hau da, salaketa jarri zuenak eta lesioak izan zituenak, deklaratu du anabasaren erdian ikusi zuela Tubacexeko langilea bere aurka oldartzen eta bere arropa beltz eta zapata zuriengatik ezagutu zuela. Aitortu du aurretik "fitxatu" zuela bere itxuragatik eta ez da gai izan argitzeko ukabilkada edo ostikoa eman zion lesioak eragiteko.

Fiskalaren eta defentsaren azken hitzak

Deklarazioen ondoren, fiskalaren eta defentsako abokatuaren txanda heldu da. Fiskalak berak onartu du 22166 agentearen deklarazioak baino ez daudela akusatuaren aurka eta bideoan ez zaiola ikusten legez kontrako ezer egiten. Ordea, poliziaren deklarazioaren sinisgarritasuna aldarrikatu du eta iradoki du bideoan agertzen ez den uneren batean gertatu zela erasoa. Halaber, akusatuak bideoan duen jarrera desafiatzailea frogatzat jo du.

Defentsarentzat, aldiz, begien bistakoa da langilea errugabea dela eta azpimarratu du ertzain baten deklarazioa baino ez dagoela froga moduan bere aurka. Abokatuaren aburuz, hori ez da nahikoa eta azaldu du istiluen bideoan soilik daudela bi segundo zeinean ez den akusatua ikusten: "Ezinezkoa da laupabost metro korrika egitea, polizia erasotzea eta zegoen tokira itzultzea eta posizio berean egotea tarte horretan".

Leo Barañano abokatuaren ustez, ertzainak bideoaren hasieran gertatutako talkagatik akusatu zuen grebalaria. Bideoan ikusten denez, behargina ez zen errepidetik kendu eta poliziak ezkutuarekin bultzatu zuen, hori guzti hori oldarraldia baino bost minutu lehenago.

Gauzak horrela, absoluzioa eskatzeaz gain, abokatuak gogoratu du ez duela inolako zentzurik gaurko grebalariak 14 hilabeteko espetxe zigorraren mehatxua izatea, epaiketa berean zegoen beste behargin batek (lesio larriagoak sortu zizkionak bi agenteri) lau hilabeteko kartzela zigorra adostu ostean.