argia.eus
INPRIMATU
Absolbitu egin dute ‘La Haine’ hedabideko ‘Boro’ kazetaria
  • Autoritatearen aurkako delituak egotzita epaitu zuten Jorge Correa 'Boro', La Haine hedabide alternatiboko kazetaria. Sare sozialen bidez informatu duenez, absolbitu egin dute.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 14a
Boro, ezkerretik hasita hirugarrena, ukabila altxata bere kasua salatzeko elkarretaratze batean.

Kazetariak berak informatu duenez, epaileek ebatzi dute ez dagoela froga bakar bat ere bera erruduntzat jotzeko.

Boro 2014ko azaroan atxilotu zuten Iruñean, "Armiarma" operazioaren bigarren fasean. “Terrorismoa goratzea” leporatu zion fiskaltzak, Facebook eta Twitter sare sozialetan zabaldutako iruzkin batzuk direla eta.

Urte hartan hiru aldiz atxilotu zuten kazetaria. Aipatutakoaz gain, urte bereko martxoan Poliziak Madrilen jo eta atzeman zuen, Espainiako erregearen aurkako "Jaque al rey" manifestazioaren berri zuzenean ematen ari zela. Bi poliziari eraso egin izana egotzi zioten. Berak erabat ukatu zuen salaketa, bere inguruan zeuden kazetariek egin duten gisan, eta hauek grabatutako bideoek hala erakusten zuten.

Handik gutxira berriz, Iruñeko Gaztetxearen urteurrenaz informatzeagatik atxilotu zuten berriro.

Iruñeko auzia artxibatuta zegoen, baina Madrilgo kasuan epaiaren zain zegoen. Sei urteko kartzelaldia eta 6.200 euroko kalte-ordaina pagatzea eskatu zuen fiskaltzak harentzat.

Epaiak polizien testigantzen kontraesanak nabarmendu ditu eta atxiloketaren unea erakusten duten irudiak kontuan hartu ditu kazetaria errugabea dela esateko.

Nolanahi ere, fiskaltzak 10 eguneko epea du oraindik helegitea jartzeko. Gainera, kazetariak berak gogora ekarri duen moduan, epai honekin "lasaiago" geratu den arren, oraindik beste auzi bat dauka martxan, "terrorismoa goratzea" leporatu baitzion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kondena horren kontra errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean eta epaiaren zain zago.

Kazetariak eskerrak eman dizkie epaiketaren kontra antolatu diren norbanako eta kolektiboei.