Oso gertutik jaurtitako pilota baten ondorioz begi batetik erdi itsu geratu zen Aingeru Zudaire gaztea 2012an, greba orokor baten testuinguruan izandako protestetan. Orain, Nafarroako Lurralde Auzitegiak absolbitu egin du pilotakada eman zion Espainiako Polizia.
Ahotsa.infok eman du Nafarroako Lurralde Auzitegiaren epaiaren berri. Auzitegiak onartzen du Zudaierek jasandako zauriak –ezker begiko ikusmenaren zati handi bat galdu du– pilotakadaren ondorioz izan direla, baina gertaera horietan ez dagoela "lesio deliturik". Hala, pilota jaurti zuen poliza absolbitu egin du.
Akusazioak bost urteko kartzela zigorra eta denera 108.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen auzipetutako poliziarentzat, baita inhabilitazioa ere. 2012ko irailean greba orokorra deituta zegoen egunean, Iruñeko Sarasate pasealekuan pilota jaurti zion kaltetuari oso distantzia laburretik agenteak eta begia lehertu zion.