argia.eus
INPRIMATU
Absolbitu egin dituzte terrorismoa leporatuta epaituriko 12 independentista galiziarrak
  • Causa Galiza eta Ceivar antolakundeetako hamabi militante independentista epaitu dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean, legezkoak eta publikoak izan diren jardueretan oinarrituz terrorismo delituak egotzita. Fiskaltzak 102 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen denera, baita bi antolakundeak desegitea ere, baina absolbitu egin dituzte.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 22a
Ceivar antolakundeko militante auzipetuak. Argazkia: Ceivar

Jaro izeneko operazio polizialak bost urtez luzatu den auzia ekarri du atzetik. Antolakuntza kriminal bateko partaide izatea eta terrorismoa goratzea leporatzen zieten hamabi auziperatuei; elkartasun uholdea jaso dute Galiziako ezkerraren eta abertzaleen aldetik.

Jaro operazioan gertatutakoa horrela kontatu zigun ARGIAn eskubide eta askatasunen defentsarako Galiziako behatokiko Elvira Soutok: “2015ean inork espero ez zuen operazioa egin zuen poliziak, Jaro izenekoa. Causa Galiza alderdi politikoko bederatzi pertsona atxilotu zituzten, gaueko ordu txikietan. Harrigarria izan zen. Elkarte politiko legala zen, jarduera politiko legala zuena Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoaren barnean. Etxeak eta lantokiak miatu zituzten, nahi izan zuten guztia eraman zuten: ordenagailuak, elkartearen dokumentazioa... Gauza zinez desatseginak ere egin zituzten. Atxilotuetako batek bihotzeko gaitza du, ebakuntza egin berri zegoen, eta bere anaia etxera ekarri zioten, atxilotua zegoena ere, ikusi zezan. Madrilera bidean burua estalita izan zituzten, mehatxuak edo biraoak jasan zituzten... Hain arraroak ez diren gauzak, tamalez.

Causa Galizaren jarduera debekatu zuen Auzitegi Nazionalak denbora batez, baina gero debekua altxatu eta ematen zuen dena ahaztuta geratuko zela. Orduan, 2018an, bigarren polizia operazioa heldu zen, Jaro 2. Horretan Ceivar antolakundeko militanteak atxilotu zituzten. Ceivar errepresioaren aurkako mugimendua da, presoak babesten zituen, atxilotuei abokatuak eskaini...”.