argia.eus
INPRIMATU
Absolbitu egin dituzte 2014an Gasteizen atxilotutako sei ikasleak
  • Guztira 13 urteko espetxe zigorra eta 5.000 euroko isunen eskaerak eskatzen zituen fiskalak sei ikasleen aurka. Autoritatearen aurkako delitua eta lesioak eragitea egozten zieten ikasleei.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko urriaren 19a

2014ko martxoaren 19an sei ikasle atxilotuak izan ziren Gasteizko EHU-UPVko Canpusean elkarretaratze batean. Euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko antolatu zuten protesta. Elkarretaratzearen baitan hainbat ikaslek mural bat egiteari ekin zioten horma batean, aldarrikapen berari loturik. Orduan, kalez jantzitako ertzainek inolako azalpenik eman gabe ikasleetako bat atxilotu zuten. Ondoren, hainbat ikaslek errepidea moztu zuten lurrean eserita, atxilotua egoera duin batean jartzeko eskatuz. Momentu horretan Ertzaintzak kargatzeari ekin zion, eta beste bost gazte atxilotu zituen.

Autoritatearen aurkako delitua eta lesioak eragitea egozten zioten hiru urteko espetxe zigorra eskatu diote sei ikasleetako bati. Gainerako bostei, ustez autoritatearen aurkako delitua egiteagatik bi urte bakoitzari. Guztira 5.000 euroko isuna eskatzen zuen fiskalak.

Aldarrikapen berdinean berresten direla adierazi dute sei auziperatuek: “Euskal preso politikoek EHU-UPVn ikasteko duten eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu”. Gainera, ikasleen mobilizazio eta protesten aurka etengabe ematen diren polizia jazarpenak salatu nahi izan dituzte: “Gorputz armatuek unibertsitatetik kanpo behar dutela pentsatzen jarraitzen dugu. Zehazki guk aldarrikatzen dugun unibertsitate ereduaren beste muturrean dagoelako egungo eredua”. Epaiketan errepikatu besterik egin ez den "zirkua" eta "muntai poliziala" ere salatu dituzte.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra