Sindikatuek agerraldi eta salaketa publikoak egin dituzte astelehenean, Nazioarteko Lan Osasunaren Egunean. Hego Euskal Herrian iaz zenbatu zituzten 64 hildakoen gorpuak irudikatu dituzte LABek, ESK-k, STEILASek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk Iruñean eta Donostian.
Nazioarteko Lan Osasunaren Egunean Hego Euskal Herriko patronalak egindako adierazpenei erantzun diete sindikatuek. Salatu dute patronalak ez duela jartzen lan istripuen prebentziorako bitartekorik, eta bitartean arreta langileen absentismoan jartzen dutela. Hego Euskal Herriko hainbat txokotan egin dituzte agerraldiak sindikatuek.
LABek, ESK-k, STEILASek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk agerraldi bikoitza egin dute, Iruñean eta Donostian. Iruñeko Sarasate Pasealekuan, Hego Euskal Herrian iaz sindikatu horiek erregistratutako hildako 64 langileen gorpuak irudikatu dituzte, Nafarroako Jauregiaren eta Lan Ikuskaritzaren aurrean. "Ehorztetxe bateko langileak irudikatzen zituzten batzuek itxi dituzte hildakoen poltsak", Berriako kazetaria den Joxerra Senarrek jaso duenez.
Donostian antzerako agerpena egin dute. Kontxako hondartzan mosaikoa eratu eta 64 zenbakia irudikatu dute jantzi eta aterki beltzez. Lan-istripuen aurrean patronalak erakusten dituen "moral bikoitza eta gizatasun falta" salatu dituzte bi agerpenetan: "Langileak gaixotu, larri zauritu eta hiltzen garen bitartean, enpresen kezka da lan absentismoaren ideia baliatuz euren irabaziak handitzen jarraitzea”.
ELA sindikatuak Bizkaia Areotan egin du ekitaldi politikoa. Bertan adierazi du gobernu zein patronalek langile klasea lan istripuen erantzule. Sindikatuak gogoratu du iaz 66 langile hil zirela Hego Euskal Herrian, ELAren kontaketaren arabera. Azpimarratu du patronalak "heriotzak ekartzen" dituen lan baldintzak inposatzen dituela eta langileei "leporatzen" dietela lanik egin nahi ez izatea. Aretora lan istripuak jasan dituzten hiru langile gonbidatu dituzte eta haien bizipenak ezagutarazi dituzte. Ekitaldia La avaricia empresarial puede enfermarte de por vida. Kapitalari aurre egin, osasuna zaindu leloaz jantzitako elkarretaratzearekin amaitu da.
CCOOk eta UGTk mobilizazio bana egin dute Bilbon. CCOOk manifestaziora deitu du, Confebasketik abiatuta. Sindikatuak enpresen prebentzio falta salatu eta mutualitateen "jokabide penagarria" gaitzetsi du, Berriak jaso duenez. UGTk bere aldetik elkarretaratzea egin du ezbeharren aurkako plan bat eskatzeko. "Lan istripuetan hil edo osasuna galdu dutenak gogoratzeko eguna" dela adierazi dute.