argia.eus
INPRIMATU
“Aborturako askatasuna” konstituzioan jasotzearen alde bozkatu du Frantziako Senatuak
  • 267 senatarik alde bozkatu dute eta 50ek kontra. Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak alde bozkaturik, bi ganberak biltzen dituen Kongresuaren bozketa eskas da: martxoaren 4an eginen da, eta printzipioz aldeko botoa gailendu beharko litzateke.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko otsailaren 29a

"Lan hau abiatzerakoan, ezinezkoa izanen zitzaigula erraten ziguten guztiek. (…) Ahots erreakzionarioak indarra hartuz doazen honetan, bidea ireki dugu: segur naiz europar herrietako beste emakume batzuk abiatuko dituztela gisa bereko borrokak". Lege proiektua eramaten arituriko Mélanie Vogel senatari ekologistaren hitzak dira, otsailaren 28ko bozketaren ondotik plazaraturikoak. 267 senatarik bozkatu dute "abortatzeko askatasuna" Konstituzioan jasoaren alde, eta aurka agertu dira 50 –uste baino gutxiago–. Euskal Herriko senatari guztiek –Max Brisson, Frederique Espagnac eta Denise Saint-Pé-k– alde bozkatu dute. Aitzinetik, urtarrilaren 30ean Legebiltzarretik pasa zen testua eta 493 diputatuk bozkatu zuten alde; eskuineko eta eskuin muturreko 30ek, berriz, aurka.

Justizia ministro Eric Dupond-Moretti-k "historikotzat" jo du bozketa. Azken bozketa bat falta da oraindik: martxoaren 4an senatariek eta diputatuek elkarrekin bozkatuko dute eta bostetatik hiruren botoak erdietsi beharko dira, hots, 555 parlamentarirenak. Printzipioz, aldeko botoa gailendu beharko litzateke, lehen bozketei begiraturik 760 kokatu direlako alde. Hori horrela, abortatzeko askatasuna konstituzioaren bidez bermatzen duen munduko lehen herria litzateke Frantziako Estatua.

Kolektibo feministek txalotu egin dute bozketa. Besteak beste, ondokoa adierazi du Emakumeen Fundazioak: "Elkarte feministen garaipen kolektiboa izateaz gain, mundu mailako emakumeei bidalitako seinale azkarra ere dugu bozketa hori". Abortu eskubidearen eta askatasunaren aldeko borroka iparrorratz duen Planning familial elkartea ere poztu da: