Alberto Ruiz Gallardón
Espainiako Erreinuko Justizia ministroa
Madrid
Ez‐ulertzea eta haserrea. Horra Alberto Ruiz Gallardon jauna, gutun honen bidez adierazi nahi dizuguna.
Begirada Madrilerantz jarri eta auzo dugun Estatu bateko politikari buruz gure desadostasuna adierazteko behar gorria sentitu dugu. Nola da posible eskubide izatetik garai zaharretan bezala delitu bihurtzea berriz ere abortua?!! Nola da oraindik posible abortatu nahi duen emaztea biktima pasibo gisa kontsideratzea eta ez erabakitzeko gaitasuna duen pertsona aktibo gisa?!! Bere burua demokratatzat duen Estatu batek nola dezake urra oinarrizko eskubide bat?!!
Gutun hau Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinen partetik jaso duzu egun. Baina desadostasunean direnak askoz gehiago dira. Manifestazioak egin dira Parisko Espainiako kontsulatuaren aitzinean eta biderkatuz joanen dira, ezker eskuin ondoko egunetan. Karrikak noski, baina, Frantziako gobernuak ere du deitoratzen zure lege proiektua. Horra hor Najat Vallaud-Belkacem Frantziako gobernuko bozeramaileak eta Emakumeen Eskubideen ministroak adierazitakoa: "Izugarria da ikustea Espainiaren gisako herri batean, zeina azken urteetan erreferentzia bilakatu den emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan, norbere gorputzaren jabe izateko esparruan halako atzerapausoa ematekotan egotea».
Abenduaren 20an aurkezturiko abortuaren lege erreforma kentzea galdetzen dizugu. Erdi biderik ez delako: abortuak eskubide bat izan behar du; nahi izanez gero, libreki eta dohain eman daitekeen urrats bat izan behar du.
Hala ezean, jakin ezazu, ahal dugun guztia eginen dugula abortatu nahi duten emazteen alde. Pirinioak trabeskatu, Bidasoa zeharkatu eta –normala den gisara– abortatzeko aukera ukanen dute hemen. Hemen egonen gara, emazte horien informatzen, sostengatzen eta abortatzeko guneetara bideratzen. Orain duela 30 urte bezala, hor egonen gara, besoak zabalik. Abortua eskubide bat delako!
Azken ohar bat. Emakume guztien askatasuna duzu zangopilatzen lege erreforma horrekin. Baina are gehiago, prekaritatean eta pobrezian diren emakumeena. Abortu eskubidea murrituz abortu kopurua jeitsiko dela pentsatzea hipokrisia da. Abortatu nahi badute, abortatuko dute, hola edo hala. Baina, errekurtso ekonomiko gutxien duten emazteentzat zailagoa izanen zaie. Klase edo egoera sozio-ekonomikoak dakarren bazterketa oraindik gehiago gogortzea dakar zure lege erreformak.
Gutun hori kontutan hartuko duzulakoan. Gutun honen gisara, azken egun horietan abortuaren legearen aurka loratzen diren mobilizazioak kontutan hartuko dituzula espero dugu. Desadostasun horren parean itsu egotea ez genuke ulertuko.