argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren Legea Europako hauteskundeak pasa arte atzeratu du PPk
  • Jendartearen zati handiena Abortuaren Legearen kontra agertu da. PP barruan ere eztabaidak eragin ditu eta Europatik kritika zaparrada jaso du aurreproiektuak. Rajoyren alderdiak jakinarazi duenez, lege proiektua uztailean eramango dute Parlamentura, Europako hauteskundeen ondoren hain zuzen.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 27a
Gallardon, Saenz de Santamaria eta BaƱez Espainiar ministroak Abortuaren Legearen inguruko prentsaurrekoa eman baino lehen.

Arrazoi teknikoak argudiatu dituzte uztailera arte atzeratzeko baina badirudi arrazoi politikoak ere tarteko direla.

Maiatzaren 25erako deitutako Europako hauteskundeak pasa arte ez dute aurreproiektua Espainiako Diputatuen Kongresura iristerik nahi, sortu duen polemika eta gaitzespena ikusita emaitzetan eragina izanen lukeelako.

Hortaz, Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek aurkeztutako legearen tramitazioa udara arte atzeratzea izango du helburu PPk.

Denbora irabazteko estrategiak

Martxan dira proiektua atzeratzeko bideak.Besteak beste, hilabete baino gehiago itxaron dute aurreproiektua derrigorrezko aholkularitza organoetara bidaltzeko. Organo horiek helegiteak eta iradokizunak aurkeztu behar dituzte testuari aldaketak txertatzeko. Ondoren, Estatuko Kontseilariari bidaliko zaio 1985eko legea baino zorrotzagoa den aurreproiektua.

Ostiralean jakinarazi zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako lehen presidenteordeak kontsultekin hasi direla. “Egun hauetan hasi da aurreproiektua organo eta instituzioei helarazten, horiek haien informeak bidal ditzaten. "Guztion konpromisoarekin legearen hobekuntza puntuak adostu nahi ditugu”, jakinarazi du Saenz de Santamariak.

Rajoyk ere ildo beretik jo du, eta aldaketak sartzeko borondatea erakutsi nahi izan zuen asteazkenean Espainiako Diputatuen Kongresuan. Guztiekin hitz egin nahi duela esan zuen, “jendartearen nahiarekin ahalik eta hoberen egokitzeko helburuz”.

Aurreproiektua Espainiako autonomia erkidego guztietara bidali da, hala nola, Emakumeen Parte-hartze Kontseiluaren barne dauden 30 elkarteetara. Azpimarragarria da  Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak erregulatzen duen Emakumeen Parte-hartze Kontseilua ez zutela kontuan izan aurreproiektua diseinatzerako orduan.

Gobernuko kideek adierazi dutenez, 2010eko legeari aurkeztutako erreforma ez da behin betikoa izanen. Oraingo testuak aldaketak beharko ditu; hortaz ez du zentzurik Estatuko Kontseilariari orain dagoen bezala bidaltzeak.

Gallardonek aurreratu du legearen funtsa ez dela aldatuko, baina ahalik eta adostasun zabalena lortu nahian aldaketak eginen direla. Hala ere, oraingoz, inork ez du argitu zein izan daitezkeen aldatuko diren puntuak.