Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatzeko abiarazitako erreformak kontrako iritzi asko jaso ditu. Frantziako Gobernuak esan du “kezka handia” sortzen diola; eta ehundaka pertsona atera dira kalera Espainiako Estatuan, egitasmoa salatzeko.
Hautsak harrotu ditu ostiralean Ministro Kontseiluak Abortuaren Legea aldatzeko onartutako proposamenak. Kongresuan dago gaia orain, eta litekeena da aurrera egitea, PPren babesa medio.
Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek, aldatu nahi dituzten xehetasunak azaldu ez baditu ere, 1985ekoaren egoerara itzuliko garela uste dute mugimendu feministako taldeek. Alderdi, sindikatu eta atzerriko gobernuek ere ez dute begi onez ikusi.
Frantziako Gobernuaren bozemaile eta emakumeen eskubideen ministro Najat Vallaud-Belkacemek asmoa gaitzetsi du. Gallardonek hauspotutako erreforma “kezkagarria” dela adierazi du: “Emakumeon eskubideak betiko bermatuta ez daudenaren adibidea da”.
Bestalde, Berria egunkariak hainbat pertsona ezagun elkarrizketatu ditu, PPren iniziatibaren inguruan euren iritziak jasotzeko.
Besteak beste, Maialen Iriarte ETBko kazetariak azpimarratu du legea emakumeen kontrako “tratu txarra” dela. Jone Martinez Palacios EHUko irakasleak eskubide urraketaren kontra jo du: “Espainiako estatuaren desdemokratizaziorako lege bat da”. Itxaro Bordak ere kontrako iritzia azaldu du: “Atzean eliza katolikoaren eskua nabaritzen da”.
Mugimendu feminista, kalean
1980ko hamarkadan abortatzeko legearen alde abesten zituzten lelo berberak kantatu dituzte asteburuan. Exekutiboaren ekinaldiak orduko egoerara eraman gaitzakeenaren seinale. “Abortatzeko eskubidea”, “Abortua hemen; ez Londresen, ez Parisen” eta “Gure gorputza gurea da” dira ohiukatu dituzten leloetako batzuk.
Begoña Zabala abokatu feminista elkarrizketatu du Info7 irratiak. Erreformaren analisi sakona egin du Zabalak. Dioenez, erreformak emakumeak "biktimizatu" egiten ditu.
EH Bilduk “desobedientziara” deitu du
EH Bilduk “desobedientzia” praktikatzeko deia egin die Nafarroako eta EAEko Gobernuei. Koalizazioaren ustetan, neurriak "errotik” urratuko ditu emakumeen eskubideak. Horregatik, “erabat” gaitzesten duela nabarmendu du.