Espainiako Estatuko presidenteak eman zuen albistea astearte goizean: Abortuaren legeak ez du aurrera egingo, adostasunik lortu ez dutelako. Legea bazterrean gelditu ondoren, Justizia Ministro Alberto Ruiz Gallardonek dimititu egin du. 30 urte ondoren politika utziko du.
Joan den astean, erreformaren bultzatzaile nagusietakoa izan den Alberto Ruiz Gallardón Justizia ministroak esan zuen erreforma atzeratu egingo zela, Kataluniako gaian indarrak jarri behar zituztelako.
Alabaina, astearte goizean ezustekoa eman zuen Mariano Rajoy presidenteak. Erreforma bertan behera geratuko da, baina Rajoyk esan du gaur egungo araudia aldatuko dutela. Batetik, 16 eta 17 urtekoek gurasoei baimena eskatu beharko diote abortatzeko, gaur egun gurasoei esatea nahikoa da eta ez kasu guztietan. Bestetik, Familia Babesteko Plana abian jarriko du urtea amaitu baino lehen.
Espainiako Gobernuaren erreformak aurkako jarrera gogorra izan du. Oposizioak berak gogor kritikatu du eta kalean ere ozen entzun da erreformaren aurkako oihua.
Erreforma bertan behera geratuko zela ofizialki jakin ez arren, gizarteko sektore asko garaipena ospatzen ari ziren dagoeneko. Begoña Zabala Abortatzeko eskubidearen aldeko Nafarroako batzarreko kideak astelehenean bertan egin zuen garaipenaren hausnarketa mamitsua.