argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren lege erreforma atzera bota dezake Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Gobernuak atzera egingo du abortuaren aurkako lege proiektuan, asteburuan El Mundo egunkariak azaldu duenez. Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak ere baieztatu egin du Mariano Rajoyren asmoa, “gobernu onak herritarrei entzun eta erabakiak zuzentzen dakitenak” direla esanez.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 15
Gobernuko barne adostasun faltak eraginda utz dezakete erreforma atzean. (Arg.:labsindikatua.org)

Uztaila bukaeran, Alberto Gallardon Espainiako Justizia ministroak adierazi zuen abortuaren lege erreforma uda bukatu aurretik onartuko zela. Uda bukatzear dela, ordea, badirudi Gobernuak bertan behera utziko duela erreforma “barne adostasun faltagatik”. “Ez dago adostasunik proiektuarekiko, eta ez bada akordiorik lortzen, oso zaila dirudiena, legea ez da onartzen eta bakea”, adierazi diote alderdi popularreko zenbait kidek berripaperari.

PPko Belaunaldi Berriak-en Donostiako ekitaldian, Borja Semperrek baieztatu egin du Mariano Rajoyren Gobernua erreformarekin atzera egitekotan dela. Akordio faltaren aurrean, Gobernuak herritarrei entzun eta erabakia zuzentzen jakin duela esan du.

“Naturala eta logikoa da, hainbeste faktore indibidual, kultural eta erlijiosok eragina duten gaiak eztabaida sortzea”, adierazi du Semperrek. “Gobernu ona, pentsatzen duenatik harago, gizarteak nahi duenera egokitzen dena da”, gehitu du.

Hauteskundeei begira

Mugimendu feministaren borroka handia izan da gaia. Zenbait adituk ondorioztatu dutenez, ordea, abortuaren legeak hauteskundeetarako PPren interesei kalte handia egin dielako utzi dezakete orain bertan behera.

Pedro Arriola soziologo eta PPren aholkulariaren ustetan, alderdiko jende askok “ez zuen ez nahi, ez espero Gobernuak horren modu murriztailean emakumeei zuzenean eragiten dien gai baten inguruan legeztatzea”. PPrentzat garrantzitsua izango den hauteskunde urtean, Gobernuak egoera gainditu eta eztabaida saihestu nahi duela azaldu du.