argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren Lege egitasmo murriztailea jasoko du Espainiako Ministroen Kontseiluak
  • Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatu eta 1985eko egoerara itzuli nahi du. Gaur Ministroen Kontseiluak onartzen badu Kongresura bidaliko dute erreforma proposamena.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 20a
Abortuaren aldeko elkarretaratzea.
(Argazkia: Monika del Valle- Argazki Press)

Espainiako Barne ministroak, Jorge Fernández Díazek, ez du erreformaren edukia azaleratu, ezin duela eta ez lukeela hala egin behar esan du. Dena dela, PPko gobernuak orain arte emandako iritzien arabera, erreformak 1985eko egoerara itzuliko luke Abortuaren Legea. Gaur egun, emakumeek abortatzeko eskubidea dute haurdunaldiaren 14. astera arte. Amaren bizitza edo osasuna arriskuan izanez gero edo fetuak anomalia larriak izanez gero, 22. astera arte luza daiteke abortatzeko aukera. Fetuak arazoak dituenean,abortuak egiten dituzten bi medikuren txostenak behar dira. Fetuak bizirik jarraitzeko aukerarik ez duenean, gaixotasun oso larria eta sendaezina duenean, abortatzeko epea mugagabea da.

Espainiako Gobernuak erreformaren edukirik argitu ez badu ere, 1985era itzuliko garela dirudi. Orduko legearen arabera, hiru arrazoi baino ez daude abortatzeko eskubidea izateko: bortxaketa, fetuaren malformazioak eta amaren osasun fisiko edo mentalaren arriskua. Bortxaketa jasandako emakumeak lehen 12 astetan abortatzeko eskubidea zuen, fetuak malformazioak izanez gero 22 asteko epea zegoen eta amaren arriskuen kasuan abortatzeak ez zuen epe mugarik.