Hilabete hasieran Donostiako epaile batek hartutako bide beretik, Gasteizko epaile batek ere kautelazko neurriak hartu ditu abortuaren kontrako protesten aurka. Askabidek bi hiriburuetan dituen kliniken ateetan ezingo dira bildu abortuaren aurkakoak, gutxienez 100 metroko distantzia mantendu beharko baitute epailearen aginduz.
Denbora da Gasteizeko eta Donostiako Askabide kliniketara abortatzera doazen emakumeek jazarpena pairatu behar izaten dutela. Abortuaren aurkako jende-taldea biltzen da kliniken aurrealdean, abortuaren aurkako mezuak dituzten kartelekin eskuetan, edota arrosarioa errezatzen. Are, Gasteizen protestak ugaritu zituzten duela bi aste Berriak jasotakoaren arabera, Askabideko ateetako bilkurak eguneroko bilakatuz. AEBetan sortutako 40 días por la vida (40 egun bizitzaren alde) abortuaren aurkako elkartea dago mobilizazio horien atzean.
Egoera horren aurrean, Gasteizko epaile batek kautelazko neurriak hartu ditu abortuaren aurkako protesta egiten dutenen aurka, eta aurrerakoan protestak ezingo dira klinikatik 100 metro baino gutxiagora egin. Donostiako epaile batek hilabete hasieran hartutako bideari segi dio Gasteizko epaileak, urriaren 7an abortuaren aurkako protestak debekatu baitzituen Donostiako Askabideren klinika parean, kautelazko neurri modura.
Erabakia hartzerakoan, bi epaileek aintzat hartu dute Askabide klinikak 40 días por la vida elkartearen aurka jarritako salaketa. Apirilaz geroztik Espainiako Zigor Kodeak debekatu egiten du gisako protestak egitea, eta hori baliatu dute Askabidekoek salaketa jartzeko.