Ohio eta Texasek “beharrezkoak” ez diren prozedura medikoak atzeratzeko agindua eman dute, koronabirusaren krisiak irauten duen bitartean. Prozedura horien barruan abortua sartu dute. Abortuaren aldeko ekintzaileek lehentasuna eman behar zaiola adierazi dute, jendeak ezin baitu itxaron pandemia amaitu arte.
Ken Paxton, Texasko agintariak martxoaren 23an azaldu bezala, ezinbestekoak ez diren zirujien artean daude “amaren bizia babesteko kasuak ez diren abortu-prozedurak”. 1.000 dolar edo 180 egunera arteko kartzela-zigorra dekretatu ditu neurria errespetatzen ez duenarentzat.
Texas eta Ohioko gobernuek neurri hori biziki garrantzitsuak diren ekipamendua gordetzeko hartu dutela adierazi dute, baita ospitaleetan izan daitezkeen pilaketen aurrean lekua izateko ere. Azken estatu horren kasuan, abortuaren defendatzaileek bataila legal bat abiatu dute abortu eskubidea mantentzeko.
Eztabaida plazara beste behin
Abortuaren aldeko aktibistek ez dute onartzen neurri hori jendartearen osasunari begira hartu denik. Koronabirusaren krisia agenda politikoan eragiteko erabili dutela salatu dute, zeharkako bide batetik abortua debekatzeko. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu, eta abortuaren aldeko eta kontrakoek beren iritziak plazaratu dituzte.
Progress Texas abortu-eskubidearen aldeko taldeak osasun publikoa lehenetsi beharko luketela adierazi du, ideologiarekin jendeari arreta galarazi baino. Iritzi berekoa da Ohioko Planned Parenthood abortu klinika. “Planned Parenthooden lehentasuna mundu osoak oinarrizko osasun-arreta duela bermatzea da, abortuak barne”, adierazi du komunikatu batean.
Abortuaren aurkako taldeek, alta, gobernatzaileek hartutako erabakia txalotu dute. “Abortua aukera bat bada, hautazkoa da”, adierazi du Mark Harrington, Created Equal taldeko presidenteak The Guardianen.
Dena den, Ohioko abortu-klinikek behintzat, ateak zabalik mantentzeko asmoa erakutsi dute. Jakinarazi dute jada neurriak hartu dituztela eta segurtasunezko materiala ahalik eta gutxien erabiliko dutela.