argia.eus
INPRIMATU
Abortua homizidio bilakatu nahi duen lege proiektuaren aurka kalera atera dira Brasilen
  • Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe hori pasa eta gero abortatzen badu, bortxatzaileak baino zigor gogorragoa izango du.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 14a
Feministek Sao Pauloko manifestazioan legezko abortua eskatzen. Argazkia: I. Fontana/EFE

Ehunka emakume atera dira ostegun honetan kaleetara manifestatzera, abortua eta hilketa berdindu nahi dituen lege proiektu bat dela eta. Lege horren arabera, haurdunaldiaren 22. astearen ostean abortatuz gero homizidio delitua izango da. Brasilen homizidio delituagatik zigortuz gero, kartzela zigorra seitik hogei urte bitartekoa izan daiteke, eta sexu-indarkeriagatik aldiz, gehienez 12 urtekoa da. Beraz, bortxatua izan den emakume batek lege proposamenak ezarri nahi duen denbora epe horren ostean abortatuz gero, bera bortxatu duenak baino zigor gogorragoa izango luke.

Lege proposamena Partidu Liberaleko Sóstenes Cavalcante diputatuak egin zuen asteazkenean, kongresuan. Brasilen legezkoa da abortua ondorengo kasuetan: bortxaketa kasuetan, ama hiltzeko arriskuan baldin badago eta fetuaren anentzefalia gertatzen bada. Oraingo legeak ez du eskubide hori erabiltzeko gehieneko eperik ezartzen.

Proposamenak talde progresisten protestak eragin dituzte, Lula da Silvaren gobernua babesten dutenak. Giza Eskubideen ministro Silvio Almeidak proposamena “immorala” dela adierazi du. Gainera, “probokaziotzat” ikusten du bortxatua izan den emakumea bortxatzailea baino gaizkileagoa den ala ez eztabaidatu behar izatea. “Proiektua konstituzioaren aurkakoa da erabat, eta bortxatua izan den emakumearentzat onartezina eta diskriminatzailea da”, gaineratu du Almeidak.