argia.eus
INPRIMATU
Abortua hiru kasutan despenalizatu egin dute Txilen
  • Txileko auzitegi konstituzionalak ontzat eman du abortua hiru kasutan despenalizatzeko lege proiektua. Oposizioak hainbat errekurtso jarri ostean hartu du auzitegiak erabakia.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 22a

Urteetako borrokaren ostean abortua zigorgabetuko den hiru kasu onartzen ditu abortuaren lege berriak:

  1. Haurdun den emakumearen bizitza arriskuan egotea.
  2. Fetuaren bizitza arriskuan egotea.
  3. Bortxaketa baten ondoriozko haurdunaldia.

Michelle Bachelet presidenteak aurkeztu zuen lege proposamena 2015ean. Eztabaida ugari sortu dituen arren, hainbat inkestaren arabera, gizartearen %74 dago legearen alde. #YoApoyo3causales Twitterreko traolan ikus daiteke jaso duen babes zabala.

1931ean onartu zen helburu terapeutikoekin abortua onartzen zuen lehen legea. Ordea, 1989an, Pinocheten diktaduran, edozein kasutako abortua debekatu eta zigortzeari ekin zitzaion.

Abortua inolako kasutan onartzen ez den munduko 9 herrialdeetako bat izateari utziko dio honenbestez Txilek. Gainontzekoak Vatikanoa, Malta, Haiti, Dominikar Errepublika, Surinam, El Salvador, Nikaragua eta Guatemala dira.