Lau ekintzailek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen hitzaldia eten zuten Kursaalean joan den larunbatean. Abortuaren alde oihu egin zuten EAEko PPren biltzarrean.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen hitzaldiak eman behar zion amaiera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako popularren bilkurari. Eta hala izan zen. Ez nolanahi, ordea.
Publikoan eserita zeuden lau emakumek abortuaren aldeko kontsignak oihukatu zituzten, Rajoyk bere diskurtsoa hasi zuenean. Presidentearen hitzaldia etetea lortu zuten, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean.
“Abortu librea”, “gure gorputza gure erabakia” eta “aborto ilegal, violencia estatal” (abortu ilegala, estatu indarkeria) bezalako aldarriak oihukatu zituzten, gorriz zikindutako eskuekin aurpegia margotu eta besoak altxatuta sinbolo feminista marrazten zuten bitartean.
PPko jarraitzaileek txistu eta txalo hotsez isilarazi nahi izan zituzten, “sí a la vida” (bizitzari bai) egin zuten garrasi, segurtasuneko langileek emakumeak indarrez atera zituzten arte. Lau ekintzaileek ez zuten erresistentziarik jarri.
Emakumeek akreditazioak zeramatzaten jantzita. PPko bilkurako segurtasun neurriak zorrotzak ziren arren, aretoko bosgarren ilaran zeuden eserita, publiko artean, lau emakumeak. Ertzaintzak identifikatu egin zituen Kursaal kanpoaldean.
Bitartean Rajoyk diskurtsoarekin jarraitu zuen, gertatutakoari aipamenik egin gabe.
Ekimen ugari Euskal Herrian
Martxoaren 8an Euskal Herria emakumearen aldeko keinuz josi zen. Ekimen gehienetan abortatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak ez ziren falta izan: mobilizazioak, hitzaldiak, konzentrazioak, margoketak... Beheko argazkian Iruñeko Gaztelu Plaza (Argazkia: Ahotsa.info)
Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza. (Arg: Mrafundazioa)
Donostia. Bideoa: Piztu
Datozen egunetarako ere hainbat ekimen antolatu dituzte Larrabetzun, Anoetan, Azpeitian eta Donostian.
Larunbateko eta aste honetako ekimenei buruzko informazio gehiago Topatu.infon.