argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren erreforma atzerakoia onartu du Espainiako Diputatuen Kongresuak
  • Adingabeek ezingo dute gurasoen baimenik gabe abortatu, ostegunean Espainiako Kongresuan onartutako abortuaren erreformaren arabera. Oposizioko alderdien gehiengoak erreformaren aurka bozkatu du. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 17a
PPren gehiengoari esker, eta Unió eta Asturiasko Foroaren babesarekin, erreforma aurrera ateratzeko nahikoa bozka bildu dituzte (argazkia: religionconfidencial.com)

PPk daukan gehiengoari esker –lau diputatuk aurka bozkatu eta beste bat abstenitu den arren–, eta Unió eta Asturiasko Foroaren babesarekin, erreforma onartzeko nahikoa bozka izan dira hemizikloan.

Oposizioko alderdi ugarik gogor salatu dute erreforma. Onintza Enbeita EH Bilduko diputatuak adierazi du aurrerantzean emakumeek “askatasun gutxiago” izanen dutela beraien gorputzen gainean erabakitzeko, eta PPri egotzi dio “adinaren aitzakia oso ondo etorri zaiola emakume babesgabeei xantaia emozionala egiteko”.

EAJ ere erreformaren aurka azaldu da, “ez beharrezko, kaltegarri eta PPren barruko kontsumorako” neurria iruditzen zaiolako.

Espainiako Senatura itzuliko da orain erreformaren proposamena, irailean han ere onespena jasotzeko. PPk espero du aldaketarik gabe tramitazioa onartzea, eta irailean Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko prest egotea.

Erakunde eta elkarte ugarik, bestalde, erreforma gelditzeko eskatu dute. Hala nola, FPFE Espainiako Estatuko Familia Planifikaziorako Federazioak edota SESPAS Espainiako Osasun Publikoaren eta Osasun Administrazioaren Elkarteak salatu dute emakumeen autonomia urratzen duela erreformak: “Tratu txarrak edota bazterkeria soziala jasan dezaketen emakume gazteak arriskuan jartzen ditu”.