argia.eus
INPRIMATU
Abortatzera doazen emakumeen %85ak nahiago du metodo instrumentala, aldiz, farmakologikoa “inposatzen” ari da industria
  • Haurdunaldia Eteteko Baimendutako Kliniken Elkarteak ikerketa bat egin du publiko. Beren erabakiaz eta motiboez galdetu die gehienez haurdunaldiko bederatzigarren astean egonik abortatzera joan eta bi metodoak aukeran izan dituzten 1.536 emakumeri. Hauetatik %85,74ak metodo instrumentala hautatu du. Datu hauek eskutan, kliniken elkarteak salatu du metodo farmakologikoa hedatzen ari badira ez dela desiragarriena delako: "Metodo farmakologikoa hedatzea instrumentalaren kaltetan, ez da soluzioa kontzientzia objezio profesionalarentzat, ez abortuaren estigmatizazioarentzat, ez lurralde batzuetan dagoen abortatzeko erietxeen faltarentzat".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 21

Hemen irakur daiteke osorik Espainiako Haurdunaldia Eteteko Baimendutako Kliniken Elkarteak (HEBK) publiko egin duen ikerketa.

Galdekatutako 1.536 emakumeen %85,74k nahiago izan du metodo instrumentala, farmakologikoa baino. Horretarako eman dituzten arrazoi nagusiak hauek dira: azkartasuna eta segurtasuna (%71,9) eta mina saihestea (%29,2). Metodo farmakologikoa hautatu dutenak %14,25 izan dira eta gehienek eman duten argudioa "interbentzioari beldurra" izan da (%55,7).

Aukera bata edo bestea egin duten emakumeak parekoak dira adin, jatorri eta lan egoeraz. Baina bada alderik esperientzia ginekologikoan: haurrik izan ez dutenak, aurrez abortorik izan ez dutenak eta esperientzia ginekologiko gutxiago dituztenak gehiago dira metodo farmakologikoa hautatu dutenen artean. Aste gutxiagoko haurdunaldia dutenak ere (bataz beste 6 aste) gehiago dira metodo farmakologikoa hautatu dutenen artean. Bestalde, badirudi abortuaren ondorengo egunetako ondoeza kudeatzeko baliabide gehiago dituztela (lan baldintza aldetik edo zaintza lanik ez dutelako) metodo farmakologikoa hautatu dutenek.

Probatu ostean, asebetetze askoz handiagoa metodo instrumentalak

Aurrez modu instrumentalean abortatu duten emakumeen %91k teknika bera errepikatu du. Aldiz, aurrez metodo farmakologikoarekin abortatu zuten emakumeen %58,5ak teknika aldatzea erabaki du.

Abortatu ostean teknika bakoitzak emakumeengandik jaso duen puntuaketan ere bada alderik: 9,27ko nota jaso du bataz beste metodo instrumentalak eta 7,7 farmakologikoak.

Mina eta albo kalteak handiagoak metodo farmakologikoarekin

Ikerketak agertu duenez, metodo farmakologikoa erabili duten emakumeen %91k sentitu du mina espultsio garaian eta min hau bataz beste 7,7 puntukoa izan da. Metodo instrumentalean, berriz, emakumeak sedatu egiten dira eta ez dute minik sentitzen.

Abortuaren ostean, bi metodoek uzten dute mina hurrengo egunetan, eta parekoak dira denboran baina intentsitatez askoz handiagoa da metodo farmakologikoak: metodo farmakologikoa erabilitako emakumeen %42,18ak sentitu du hilekoaren mina baino handiagoa, eta aldiz, metodo instrumentala erabili duten emakumeen artean %19,38 izan dira. Min oso handi edo muturrekoa sentitu dutenak %8,64 izan dira metodo farmakologikoa hautatu duten emakumeen artean, eta %2,35 instrumentala erabili dutenen artean.

Metodo farmakologikoa erabili zuten emakumeen erdiak baino gehiagok (%51,6) albo kalteak jasan ditu. Ohikoenak izan dira oka egitea, hotzikarak eta beherakoak. Metodo instrumentala erabili duten emakumeetan albo kalteak %1,1ak jasan dituzte.

"Metodo farmakologikoa farmaindustriak sustatutakoa da, emakumeek medikuen akonpainamendua nahi dute"

Ikerketaren datuak eskuan, ondorio hauek atera ditu HEBK-k: "Metodo farmakologikoa hedatzea instrumentalaren kaltetan, ez da irtenbidea kontzientzia objezio profesionalarentzako, ez formazio faltarentzako, ez abortuaren estigmatizazio eta jazarpenarentzako, ez lurralde batzuetan abortatzeko dauden erietxe faltarentzako, ez azken honen eraginez emakumeek egin behar duten distantziarentzako, ez abortatzeko erietxe publikoen faltarentzako...". Gabezia horiek denak teknika farmakologikoaren bidez estali nahi direla salatu dute, eta teknika hori "beharrezko dela, baina ondoan izan behar duela teknika instrumentala, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazten duen bezala".

Elkarteak adierazi du teknika farmakologikoak elkarrengandik urruntzen dituela emakumea eta medikua, eta "noski, medikuari arazo profesional eta etiko gutxiago sortzen dizkio, emakumea baita berak bakarrik prozesua egiten duena". Aldiz, emakume gehienek "profesionalen esku jarri nahi dute, prozesuan lagunduak sentitu, abortua ahalik azkarrena izatea nahi dute, minik gabea eta ekintza horren kontzientziarik gabe". Medikuen interesak lehenestea eta emakumeen eskubideak azpiratzea "irteera faltsua da, eta kalterako izango da osasun segurtasunerako eta erabakitzeko eskubidearentzako", kliniken elkarteak adierazi duenez.

HEBK-k gordin salatu du zergatik ari den erietxeetan metodo farmakologikoa hedatzen: "Industria farmakologikoa ari da metodo farmakologikoa inposatzen, instrumentalaren kaltetan. Ikusi besterik ez dago kongresuak finantzatzeko lerroa, profesional ugariren ikerketak finantzatzen dituzten iturriak... konturatzeko metodo farmakologikoa inposatzearen oinarrian irabazi ekonomikoak daudela, zeinak oso urrun dauden emakumeen kezka, esperientzia, osasun, eta egoera pertsonal eta intimoetatik".