Emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna lortzeko Lege-proiektua aztertzen ari da Frantziako Asanblada Nazionala. Abortatzeko eskubidearen kontra egiten dutenak zigortu eta abortatzeko baldintzak malgutuko ditu, besteak beste.
Arloz arloko proposamena aurkeztu du Najat Vallaud Belkacem Emakumeen eskubideen ministroak. Baina abortuaren gaiak nahastu ditu urak.
Izan ere, “gogorrago” jokatuko du legediak eskubidea urratzen dutenen aurka: bi urte arteko kartzela zigorra ezarri ahalko die, baita 30.000 euroko isuna ere.
Abortatzeko eskubidea, azalpenik eman gabe
Sexu eta ugalketa eskubideen kontra dabiltzanak epailearen aurrera eramateaz gain, haurdunaldia eteteko eskubidea ere gotortu nahi du Vallaudek.
1975ean onartu zuten Abortuaren Legea Frantzian. Bertan jasotzen da “larrialdi” egoeran baino ezin dutela haurdunaldia eten emakumeek. Lege egitasmoari jarraiki –beti ere bere horretan onartzen badute– hemendik aurrera egoera edozein dela ere egin ahalko dute. Beraz abortatzeko, epeen baitan sartuz gero, ez dute beste azalpen gehiagorik eman beharko.
Era berean, abortua “babesgabezian” daudenei bideratuta dagoela jasotzen du oraingo dokumentuak, aldaketarekin “haurdunaldian aurrera egin nahi ez duten emakume guztiei” zuzenduko zaie.
Arloz arlo: aldaketa estrukturala jomugan
Indarkeria matxistaren arloan, berdintasunaren inguruko ikastaroetara joateko exijituko diete emakumeei eraso egiten dieten gizonei. Tailerrak euren patrikatik ordaindu beharko dituzte.
Bestalde, emakumeen presentzia handitzeko neurriak exijituko dizkiete komunikabideei, enpresei eta alderdiei.
Era berean, enpresekin zorrotz jarriko dira aitatasun baimenei dagokienez. Gizonek ere oporraldia hartu ahal izatea ahalbidetu nahi dute, horregatik hori errespetatzen ez duten lantokiei isuna jarriko diete.
Bestalde, haurrak babesteko makina bat neurri markatzen ditu egitasmoak. Haurtzaindegietako plaza kopurua ere handituko dutela finkatu du.