argia.eus
INPRIMATU
Abortatzeko eskubidearen aurkako kartelak jarri dituzte Gasteizko markesinetan
  • Abortatzeko eskubidearen aurkako publizitate kanpaina bat abiatu du elkarte katoliko batek, abortuak egiten diren kliniketako bezeroen jazarpena defendatuz. Bost kartel jarri dituzte Gasteizen, autobus geltokietako markesinetan.

Hala Bedi @halabedi 2022ko urtarrilaren 21

Bost publizitate kartel jarri dituzte Gasteizko autobus geltokietako markesinetan, abortuak egiten diren kliniken aurrean otoitz egiten duten pertsonak defendatzeko eta abortatzea aukeratu duten pertsonak jazartzeko. Publizitate kanpaina Propagandisten Elkarte Katolikoak kontratatu du Espainiako Estatuko hogeita hamar bat hiritarako.

"Abortatzeko kliniken aurrean otoitz egitea primeran dago", dio karteletako mezuak. "Espainian 99.000 abortu baino gehiago egiten dira urtero. Abortatzeko lekuen aurrean otoitz egiten dutenen delitua da bizitza horietako batzuk salbatu nahi izatea. Mezu hori bertan behera utz daiteke Abortuaren Legearen berehalako erreformaren ondorioz». Kliniketara abortatzera joaten diren emakumeak "jazartzen edo hertsatzen" dituztenak Zigor Kodearen arabera epaitzea ekarriko duen erreformaz ari dira. Lege proposamen hori irailean aurkeztu zuen PSOEk.

Gasteizen, zehazki, 40 Días por la vida izeneko elkarte batek abortatzeko eskubidearen aurkako 40 eguneko kanpaina antolatu zuen iazko irailean eta urrian. Kanpainaren helburua zen bijiliak egitea Errioxa kaleko klinikaren aurrean, 40 egunez, abortatzeko eskubidearen aurkako otoitzak eta mezuak zabalduz.

Hainbat pertsonak eta kolektibok kanpaina kritikatu du. Indarrean dagoen araudia kanpainak betetzen ote duen aztertuko du Udalak. Udal araudiak ezartzen du espazio publikoan jartzen den publizitatea "inola ere ezin dela iraingarria edo diskriminatzailea izan". Erantzukizuna JC Decaux enpresarena izango litzateke, hiriko markesinetan publizitatea kudeatzen duenarena. Elkarrekin-Podemos taldeak kartelak berehala kentzeko eskatu du, gorrotoa bultzatzen dutela eta publizitateari buruzko legea urratzen dutela argudiatuta.