Erreferenduma egingo dute gaur Irlandako Errepublikan, abortua despenalizatu ala ez erabakitzeko.
Abortuari buruz Irlandan egiten den lehen erreferenduma izan ez arren, gaurkoa erabakigarria izan daiteke, baiezkoa gailenduz gero eskubide nabarmenak aitortuko dizkiete emakumeei. Abortuari dagokionez, egun Europako legediarik gogorrenetarikoa daukate Irlandan. Malta, Andorra eta Vatikanoarekin batera abortua praktika ilegaltzat duen Europako estatu bakanetakoa da, eta hamalau urteko espetxe zigorra jaso dezakete abortatzen duten emakumeek eta laguntza eskaintzen dieten osasun arloko langileek.
Irlandako Konstituzioa sortu zenetik abortua inoiz ez da legezkoa izan, baina Gobernuak araudia aldatzeko erabakia hartu du, horretarako Konstituzioko 40.3.3 artikulua ezabatu behar du, 8. emendakina bezala ezagutzen dena. Aurretik, baina, herritarrei erreferendum bidez erabaki honen gainean bozkatzea eskatu diete.
Azken inkestek jasotakoaren arabera, herritarren %44 8. emendakina kentzearen alde legoke, eta %32 berau mantentzearen alde. Gainontzekoak dudan leudeke.
Eight Admendment izenez ezagutzen den Irlandako Konstituzioko 40.3.3 artikuluak ukatu egiten die emakumeei beraien gorputzaz erabakitzeko eskubidea, abortuaren debekua indargabetzearen alde ari diren erakundeek ohartarazi dutenez. Hau oinarrizko giza eskubideen urratzea dela salatu dute.
1922an Erresuma Batutik independentzia lortu zuenean, Irlandak abortua zigortzen zuen Erresuma Batuaren 1861eko Pertsonaren Kontrako Delituen Legea bere egin zuen. Denbora igaro ahala Erresuma Batuan zein Europako beste herrialde askotan abortua despenalizatzen joan arren, Irlandak ez zuen bide berbera jarraitu.
Artean abortua ilegala izanik ere, are gehiago sakondu nahi izan zuten debekuetan 1981ean. “Bizitzaren Aldeko Emendakinaren Kanpaina” (PLAC, Pro-Life Amendment Campaign) sortu zuten, Irlandako alderdi politikoen gehiengoa (Fianna Fáil, Fine Gael eta Alderdi Laborista) 8. emendakina onartuko zuen lege proposamen bat egitera bultzatuz.
1983an, Eliza Katolikoak kanpaina sustatzearen ondorioz, Gobernu kontserbadoreak emendakina onar zezan konbentzitu zuen. Urte berean deitutako erreferendumean egin zuten emendakinaren gaineko bozketa, eta haurdun dauden emakumeen eskubideak eta enbrioienak berdintzen dituen artikuluaren aldeko iritzia atera zen garaile, botoen %67rekin. Emandakinak ia-ia kasu guztietan zigortzen du abortua, emakumearen bizitza arriskuan dagoenean ezik.
1967an, Erresuma Batuko Parlamentuak zenbait kasutan abortua legeztatzearekin batera, Irlandako emakumeak Ingalaterra eta Galeseko ospitaletara joaten hasi ziren abortatzera. Gauzak horrela, 1992an Irlandan abortuaren gainean egindako galdeketa batean bi zuzenketa egin zituzten konstituzioan: 13. emendakinaren arabera abortatzeko debekuak ez du oztopatzen abortatzera beste herrialde batera joatea; eta 14. emendakinak dio ez duela debekatzen atzerrian abortatzeari buruzko informazioa ematea.
Debekuak debeku, 1968tik Irlandako 190.000 emakume baino gehiagok abortatu du. Han ere, baina, emakume pobreak bi bider kaltetuak suertatzen dira: beraien gorputzen gainean erabakitzeko eskubidearen ukazioaz gain, atzerrira bidaiatu eta abortua ordaintzeko ezintasunarekin topo egiten baitute.
Azken urteetan, hala ere, Ingalaterrara bidaiatzen duten Irlandako emakumeen kopuruak behera egin du, eta hau antisorgailuak legalizatzearen ondorioa izan daiteke.
Ostiraleko erreferendumaren ostean 8. emendakina kenduz gero, Bizitzaren Babesa Haurdunaldian izeneko legea jarriko dute behin-behinean. Gobernuak lege berri bat osatu eta parlamentuan aurkeztu bitartean, emakumeen beraien bizitza arriskuan dagoenean soilik abortatzen jarraitu ahalko dute.
Behin lege berria ezarrita, eta Irlandako Gobernuak jakinarazitakoaren arabera, lehen hamabi asteetan abortatzea legezkoa izango da kasu guztietan. Emakumeak medikuari abortatzeko erabakia jakinarazi eta behin aukera aztertuta, 72 orduren ostean emakumeak erabaki berbera mantenduz gero abortatzeko pilula bat emango zaio.
Hamabi eta 24 asteko abortuei dagokienez, ordea, soilik kasu batzuetan abortatu ahalko dute emakumeek: euren bizitza arriskuan baldin badago, edo haurdunaldiak beraien osasuna arriskuan jartzen badu. Abortatzea beharrezkoa den erabakitzeko bi medikuren aholkularitza eskatuko da kasu hauetan.
24 astetik gorako haurdunaldietan, bestalde, abortua bakarrik izango da posible baldin eta fetuak uterotik kanpo bizirik irauteko aukerarik ez badu.