argia.eus
INPRIMATU
Abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko greba egin dute milaka emakumek Polonian
  • Abortua debekatzen duen legearen aurkako greba antolatu zuten hainbat talde feministak urriaren 3an Polonian. ‘Astelehen Beltza’ deitu zioten protestari, eta milaka izan ziren euren eskubideak defendatzeko manifestatu ziren emakumeak.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 04a
Abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa Varsovian. (Arg.: Kacper Pempel, Reuters)

Beltzez tindatu ziren atzo Poloniako 60 hiritako kaleak. Hainbat enpresak ere euren ateak itxi zituzten, irailaren 23an tramitera onartutako legearen aurkako protestarekin bat eginez. Izan ere, abortua guztiz debekatzen duen legea ezarri du Poloniako Parlamentuak. Horren arabera, bost urteko kartzela zigorra jaso dezakete abortua praktikatzen duten emakumeek, baita horiei laguntzen dieten medikuek ere.

Datu ofizialek diotenez, 1.000 emakume inguruk abortatzen dute urtero Polonian. Hainbat antolakunde feministaren arabera, ordea, kopurua askoz handiagoa da: 150.000 emakume. Hala ere, abortuaren aurkako politikarik zorrotzenetariko bat du Poloniak gaur egun, Europar Batasunaren barruan. Biziaren Aldeko Mugimenduen Poloniako Federazioak hurrengo eguneko pilula debekatzeko nahia ere azaldu du hainbatetan, horrelakorik erabiltzen duenari bi urteko kartzela zigorra ezarriko litzaiokeela adieraziz.

Munduko beste herrialde batzuk ere batu dira protestara. Manifestazioak egin ziren hainbat hiritan, Brusela kasu, non emakume talde bat bildu baitzen Europako Batzordearen egoitzaren aurrean. Sare sozialetan ere pertsona asko ari dira aldarrikapenarekin bat egiten, #BlackMonday eta #CzarnyProtest traolak erabiliz.