argia.eus
INPRIMATU
Abortatzeko epea hamabi astekoa izatetik hamalaukoa izatera pasa da Ipar Euskal Herrian
  • Otsailaren 23an egin dute bozketa Frantziako Parlamentuan: 135 diputatuk alde bozkatu dute, 47k kontra eta bederatzi abstenitu dira.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 24a

Hamalau asteko epea ukanen dute Ipar Euskal Herriko emakumeek abortatzeko –orain arte hamabi astekoa zuten–. Aldaketa horren alde agertu dira Frantziako Parlamentuko 135 diputatu, beste 47k aurka bozkaturik eta bederatzi absteniturik. Emmanuel Macronen alderdiko batek aurkezturiko lege proposamena zen otsailaren 23an bozkaturikoa.

Beste aldaketa batzuk ere dakarzki legeak: erremedio bidez abortatzeko epea bost astetik zazpi astera luzatzea; aborto instrumentala –hau da kirurgikoa– egiteko aukera emaginei zabaltzea; elkarrizketa psikosozialaren ondotik den bi eguneko hausnarketa-epea kentzea, eta beste. Abortoa praktikatzen duten profesionalen eta egituren errepertorio bat osatzeko bidea ere ireki du bozketak, beti ere hauek bertan agertu nahi badute. 

Ezkerrean denak agertu dira legearen alde, eskuinean haatik bi posturak agertu dira eta eskuin-muturrak aurka bozkatu du. Zehaztekoa da "modu pertsonalean" Macron aurka kokatu zela, abortatzeko epea zabaltzeak "are traumatikoagoa" bilakatzen duelakoan abortoa.

Frantziako Parlamentuak bozkaturiko aldaketa txalotu dute feministek, tartean Planning Familial elkarte historikoak: