Antsoainen abortuak egiten dituen klinikak haurdunaldia eteteko eskubidearen kontrakoen indarkeria, irainak eta instalazioetan kalteak jasaten dituztela salatu du.
Foruzaingoa mehatxuak eta eraikinean agertutako pintadak aztertzen ari da. Besteak beste, zentroko arduraduna hiltzailetzat jotzen dute eta “Abortatzea erailtzea da” gisako margoketak egin dituzte.
Azken bi asteetan erasoak gogortu egin direla ohartarazi du Jose Gurrea klinikaren jabeak. Urritik hona bi salaketa jarri ditu klinikak abortuaren kontrako taldeek zentrora doazen emakumeei eta langileei egindako jazarpen etengabeengatik.
“Klinika honetan haurrak hiltzen dira” edo “gauean lasai lo eginen duzu?” bezalako itaunak entzun behar izaten dituzte bertaratzen direnek.
“Pazienteak irainduta eta beldurtuta sentitzen dira, baina ez dute salaketarik jartzen anonimatua mantendu nahi dutelako”, baieztatu du zentroko ginekologoak.
Mehatxuen atzean “bizitzaren aldeko” gazte erakundeak
Asociación juvenil Alerta Navarra! (Erne Nafarroa! gazte erakundea) taldearen izenean jarduten dira egunero eraikinaren atarira hurbildu eta barrura doazenei “umeak hiltzera joan daitezela” aurpegiratzen dietenak.
Haien blogean biltzen denez “bizitzaren alde gauden gazte nafarrek osatzen dugu taldea, eta abortuak egiten dituen klinika ixteko egiten dugu borroka”. Hilabeteko azken ostiraletan Antsoaingo klinikaren parean biltzen dira “bizitzaren aldeko errosarioa” errezatzeko.
Escuela de Rescates de Navarra (Nafarroako Erreskate Eskola) izeneko bigarren talde bat ere badago. Azken horiek txandak antolatzen dituzte klinikaren aurrean, gazteek Antsoaingo udaltzainei jakinarazi dietenez, Opus Deiren esku dagoen Nafarroako Unibertsitateak kredituak ematen dizkielako. Unibertsitateak ukatu egin du halako ekintzengatik kredituak ematen dituztenik, eta maila pertsonalean jokatzen dutela berretsi du.