argia.eus
INPRIMATU
Abortatu duten emakumeak jo-puntu bihurtzen dituzte hilekoaren kontrola daramaten app-ek
  • Abortuaren aurkako jazarpena jasateko arriskua dute beren obulazioari buruzko informazioa plataformetara igotzen duten emakumeek. AEBetako estatu guztietan abortatzeko eskubidea bermatzen zuen aurrekaria bertan behera geratu berri den honetan, App hauek erabiltzeari uzteko deia zabaldu dute, datu hauek eskuratuta jakin baitaiteke zein emakumek abortatu duen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 28a
Irudian, hilekoaren kontrola daramaten app-ak, beren datuak saltzeko duten arriskuaren arabera. 10eko puntuaziora inguratzen direnak dira datuak gehiago babesten dituztenak. Infograma: Fundación Èticas.

Ekainaren 24an atzera bota du AEBetako Auzitegi Gorenak 50 urtez lurralde osoan abortatzeko eskubide konstituzionala bermatu duen Roe v. Wade aurrekaria eta geroztik, estatu bakoitzaren esku dago abortatzea legezko izatea edo ez. Gau horretan bertan debekatu zen bederatzi estatutan: Alabama, Arkansas, Kentucky, Louisiana, Missouri, Oklahoma, Hego Dakota, Utah eta Wisconsin. Eta dagoeneko estatuen erdiek (26 inguruk) aurkeztu dituzte abortua ilegalizatzeko lege proiektuak eta horietako askok ez dute inolako salbuespenik onartzen, ezta bortxaketa kasuetan edo fetoa osasuntsua ez denean ere. Luisianako estatuak prest duen lege zirriborroak abortua hilketarekin parekatzen du.

Auzitegiek emakumeen hilekoaren datuak eskuratuko balituzte?

Sare sozialetan zabaldu den beldur bat da emakumeen hilekoaren datuak biltzen dituzten plataforma hauei informazioa eskatu ahal dietela auzitegiek, abortatu duten emakumeen arrastoa jarraitzeko.

Abortuaren aurkako taldeen jazarpena jasatea da beste arrisku bat. Hainbat estatu prestatzen ari diren lege zirriborroetan, Texasekoan adibidez, 10.000 euro arteko sariak aurreikusten dira emakumeei abortatzen laguntzen dieten pertsonak salatzen dituztenentzat. Sorgin ehiza honetarako ere baliagarri dira hilekoaren berri jasotzen duten plataformak: hauetatik abortatu duten emakumeen zerrenda jaso eta haien harreman sareak aztertuta ikertu ahalko lituzkete zein pertsona eta talde izan dituen abortatu duen emakumeak babes.

Hilekoaren eta intimitatearen berri salerosten

Emakume jakinen hilekoari buruzko datu hauek salerosketa produktu dira gaur egun. Zikloaren egutegiaren berri ematen dute, baita obulazioari eta ugalkortasunari buruzkoa ere. Urteak dira (2019tik gutxienez) salatu izan dutela hilekoaren app hauek informazio pertsonala saltzen dietela hirugarrenei.

Ugalkortasunaren aitzakian eta emakume askok haurdun geratzeko dituen zailtasunez baliatuz, harira ez datozen bizitza pribatuko hamaika datu jasotzen dituzte plataforma hauek, adibidez, erretzen al duten eta zenbat, zenbat alkohol edan duten, gaupasa egin duten, zein posturatan jo zuen larrua eta orgasmorik izan al zuen, ea masturbatzen den, zein koloreko azala duen, zenbat ordu lo egiten duen...