Indiako lehen ministro Modik 400 jarleku baino gehiago lortu behar ditu hauteskunde nagusietan, arrakasta dela esateko. Egungoak baino gutxiago lortuko balitu, porrota izango litzateke, koalizioak gehiengoari eutsiko balio ere. Ekainaren 4ko emaitzek erakutsiko dute korapiloaren noranzkoa.
Sartu dira azken txanpan Indiako hauteskunde nagusiak, munduko handienak omen diren horiek. Datorren larunbatean 7. fasea burutu ondoren, emaitzak –guztiak batera, jada egin diren sei bozketa-txandetakoak ere gordean jasota jarraitzen baitute, azken txandakoek ere bozkatu arte– ekainaren 4an emango dira ezagutzera. Eta ezagutzen ez diren arren susmatzen direlako, oso fededunek bakarrik hartzen dute postura oposizioaren garaipenaren alde edo, gutxienez, Modik garaipen osoa ez lortzearen alde. Bi agintaldi egin dituen BJPko lehen ministroak INDIA oposizioari hirugarrenean zenbateko aldea aterako dion da jakin-mina kanpoko begiraleen artean.
Modik berak horretara eraman duelako hauteskundeen epai politikoa: Abki baar 400 paar du kanpaina-leloa. Oraingoan, 400ak gaindituko ditugu. 4/5eko gehiengora hurbilduz, alegia, 543 jarleku dituen Lokh Sabha, behe ganberan. Orain arte, 342 jarleku ditu han BJP buru duen NDA aliantzak. Hori izango da kontua, beraz: 400 jarleku baino gehiago lortu behar ditu arrakasta dela esateko. Egungoak baino gutxiago lortuko balitu, porrota izango litzateke, koalizioak gehiengoari eutsiko balio ere (zailagoa litzatekeelako BJPk bakarrik egun baduen gehiengo osoari eustea).
Ez da laineza aritmetikoa, sakoneko arazo politikoa baizik. Horrenbesteko garaipen batek, alde batetik, oposizioaren bizkarrezurra behintzat izaten jarraitzen duen Nehru-Gandhi dinastiaren Kongresu alderdiaren behin-betiko akaberaren antzeko zerbait dela esan nahiko lukeelako. Hau da, “India osoko” (esamolde ubikuo hori ez da inozoa) aurkaririk apenas izango lukeela etorkizunean BJPk, lekuan lekuko alderdien konstelazioak hor iraungo balu ere.
Hegemonia horren ifrentzua, Konstituzioaren aldaketan eta hark Indiarako ezartzen duen sekulartasun berezi bezain funtsezkoan legoke. Jakina baino jakinagoa da independentziaren aita pontekoak hobetsi zuten tasun hori ez dela BJPren hinduismo militantearen gogokoa izan inoiz. Eta alderantziz, Indiako musulmanentzat (175 milioi inguru) berme nagusia izan dela.
Islamarekiko areriotasun ezaguna duen Modik hori aldatu nahiko lukeela ez da oraintxeko kontua; baina Konstituzioak ez du erosotzen halako aldaketa bat.
Lokh Sabhan “gehiengo berezia” (hiru bostenekoa), BJPk dagoeneko baduena, edukitzea ez baita nahikoa: Rajya Sabha goi-ganberan ere beste horrenbestekoa behar baita aldi berean. Eta hori, oraingoz, ez du Modik, hain zuzen ere tokian tokiko alderdien garrantziagatik.
Ekainaren 4ko emaitzek erakutsiko dute korapiloaren noranzkoa.