argia.eus
INPRIMATU
Abiatzear den ikasturtean oinarrizko prebentzio-neurriak mantenduko dira EAEn
  • Eusko Jaurlaritzako Hekuntza sailburu Jokin Bildarratzek jakinarazi duenez, oinarrizko neurriei dagokienez, ikasturte berria aurrekoa amaitu zen bezala hasiko da: segurtasun-distantzia (1,5 m), higiene-neurriak, aireztapen egokia, kontaktu mugak edo maskarak.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 31
Pasa den ikasturteko irudia / Lauaxeta ikastola

Oinarrizko neurri horiekin batera, 12 urtetik gorako ikasleen txertaketa-prozesua ere azpimarratu du, "gaixotasunaren prebentzioan garrantzi eta eraginkortasun handiko neurri gehigarri gisa", Jaurlaritzaren oharrean jasoa dagoenez.

Hezkuntza Sailak astelehenean ikastetxeetara bidali duen protokoloan daude jasota ikasturte berrirako neurriak. Hainbat berrikuntza bildu du dokumentuak. Esaterako, ekainean ikastetxeetara bidalitako dokumentuak LHn burbuilak eratzea jasotzen zuen, betiere maskara erabilita. Gainera, gela bakoitzaren barruan lau edo bost ikasleko azpitalde egonkorrak osatu ahal izango dira. Eguneratutako protokoloak neurri hori mantentzen du LHrako.

Halaber, DBHko 1. eta 2. mailetan ere egin ahal izango dira lan-azpitalde egonkorrak, hiru edo lau ikasleren taldekatze egonkorrak. Taldekatze horien arteko distantzia 1,5 metrotik gorakoa izango da, eta egonkor mantenduko dira gutxienik hamar egunetik gorako oporraldiak igaro bitartean.

Bestalde, protokoloa berrikusterakoan eskolaz kanpoko jarduerei dagokien atala osatu eta garatu da. Jarduera horiek burutu ahal izateko oinarrizko segurtasun neurri batzuk zehaztu dira, ikastetxeen edo eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten elkarteen eskariz

Ikasturte berrirako protokoloak Barnetegietarako propio sortutako eranskin bat ere badauka. Pandemia hastearekin batera bertan behera utzi behar izan ziren Hezkuntza Sailetik antolatzen diren “Euskal Girotze Barnetegiak”. Jarduera hau berriro abian jartzea "lehentasuna" izan da Hezkuntza Sailarentzat, "euskara ikasteko prozesuari bultzada eraginkorra emateko gune garrantzitsuak baitira hauek". Berariazko protokolo edo eranskinarekin, ikasturte berrian Barnetegiak berriro martxan jarriko dira.