Astelehenean inauguratu zuten Kultura Feminista jaialdiaren XIII. edizioa Donostiako Tabakaleran, abenduaren 15a arte iraungo duena.
Txakur Gorria sormen kolektiboak eman zion hasiera aurtengo Feministaldiari, “Iruditegia zabaltzeko praktika artistikoak txertatu hezkuntzan” saioarekin. Biharamunean, izen bereko saioa gidatu zuen Saioa Olmo artistak ere. Asteazkena jai egun hartuta, ostegunean emango diote segida antolatutako egitarau oparoari.
Plazandreok emakumeen plataforma politikoa duela hamahiru urte hasi zen Feministaldia antolatzen eta 2006an abiatutako bideari eusten dio, Donostiako Tabakalerarekin elkarlanean. Orain arte egin bezala, “egun kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izan nahi du Feministaldiak”. Aurtengo edizioan, gainera, bertoko artista eta sortzaileengan “foku berezia” jarri dute: Uxue Alberdi, Txakur Gorria, Maialen Lujanbio, Saioa Olmo, Iratxe Retolaza, Nerea Barjola edo Itsaso Ramonak osatzen dute, besteak beste, egitaraua. Euskal Herriaz harago, Espainiako Estatuko beste hainbat txokotatik etorritako gonbidatuak ere izango dira, Brigitte Vasallo, Txus Garcia, Ana Burgos, Azahara Ubera Biedma edo Xiana do Texeiro kasu.
“Okerrak” du goiburu aurtengo Feministaldiak, okerrei omenaldi eta gorazarre eginez. “Feministaldiak beti begiratu izan die bazterrei, besteei, hegemoniatik ihes egiten duten horiei, hori izan da azken urteetako joera. Hala, jakina da emakume*, sortzaile, ekintzaileei, sarri esan izan digutela bide okerretik goazela, emakume okerrak garela, lan eta sorkuntza okerrak egiten ditugula. Horregatik, aurten, bide okerrak hartutakoei, identitae, leku, jatorri, emakume, gorputz okerrei, eta uste, arte eta sorkuntza okerrei bide eman nahi izan diegu. Baita akatsari, eta desbideratuei ere”, adierazi dute antolatzaileek.
Antolatutako egitaraua ixteko, Zorrak ikuskizuna egingo da larunbat gauean Donostiako Le Bukowski aretoan. Feministaldian parte hartutako hainbat lagunek eta beste zenbait artistak jaialdirako propio sortutako ikuskizuna eskainiko dute, 21:00etan hasiko dena. Anari, Mursego, Saioa, Lorea Argarate & Ines Osinaga, Birkit, Mice, Ezusteko Band eta Dj Set artistek parte harrtuko dute bertan.