argia.eus
INPRIMATU
Abian da Bilbon Emisio Gutxiko Eremua, ekologisten kritiken artean
  • Bilboko Udalak autoak gutxitu nahi ditu erdigunean, aire kutsadurak behera egin dezan. Horretarako, hainbat hiritan abian jartzen ari diren neurri bera hartu du: gehien kutsatzen duten autoei erdigunera sarrera debekatzea. Talde ekologistek neurria kritikatu dute, besteak beste “kutsu klasista” duelako.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko irailaren 17a

Bilboko Udalak proba egin du. Ekainaren 15etik irailaren 15era arte Indautxu eta Abando auzoetatik pasa diren autoak kontrolatu ditu. Irailaren 16tik aurrera sarrera debekatuta dute A motako autoek. Hiru hilabete horietan ordenantza indarrean izan balitz, 1.600 autok isuna jasoko zuketen, Emisio Gutxiko Eremuan (EGE)  ibiltzeagatik. Denbora tarte horretan, eremu horretan, ibili diren kotxeen %3 da zifra hori. Hiru hilabeteko tartean, A motako autoen kopuruak %60 egin du behera. B motakoentzako debekua 2025eko ekainaren 15ean hasiko da. Bilbon, %35 egin du behera mota horretako kotxe kopuruak.

A motakoak dira gasolina darabiltenak eta 2000. urtea baino lehen matrikulatutakoak edo 2006a baino lehenagoko dieselak. Hiru hilabeteko tartean, erdigunean %14 jaitsi da auto kopurua.

Espainiar Estatuak kutsatzeko ahalmenaren arabera sailkatu ditu autoak: emisiorik gabeko kotxeak, ECO zigilukoak, eta C, B eta A motakoak.

Autoa, gero eta gutxiagoren pribilegioa

Uztailean argitaratu zuen ARGIAk Sukar Horia kolektiboak sinatutako artikulua. Hartutako neurriekin ez daude ados. Onartzen dute neurri horien helburu teorikoak “kutsadura eta klima aldaketaren aurkako borroka” direla, baina azpimarratu dute mugimendu ekologistaren kritikak jaso dituela. Alde batetik, kritikatu dute auto ekologikoaren mitoa indartzen duela neurriak, hau da, kotxe batzuk garbitzat hartzen direla. Izan ere, emisiorik gabeek, ECO mailakoek eta C motakoek ez dute murrizketarik izango. Sukar Horiaren ustez, ‘auto’ eta ‘ekologiko’ kontzeptuak bateraezinak dira.

Beste alde batetik, neurriaren “kutsu klasista” kritikatu dute. Galdera hau egin dute: “Auto zahar baten jabea Bilboko zentrora garraio publikoz hurbildu ahal bada, zergatik ezin du gauza bera egin Iberdrola dorrera doan exekutibo batek?”.

Sukar Horiak autoaren erabileraren aurrean bestelako proposamenak egin ditu: garraio publikoa indartzea; autoei lekua kendu eta bizikletari eta oinezkoei eremuak handitzea; eta autoen sarbideak beharraren arabera murriztea, eta ez kotxe-gidariaren gaitasun ekonomikoaren arabera.

Ekologistak Martxanek alegazioak aurkeztu zizkion otsailean Bilboko Udalaren Emisio Gutxiko Eremuei buruzko Ordenantzari. Orduan azaldu zuen EGEak ezartzea “ideia ona” dela berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Hala ere, nabarmendu zuen politika horrekin batera ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko neurriak beharko liratekeela. Bilboko Udalaren proposamen zehatzari erantzunez, hainbat alegazio egin zituen mugimendu ekologistak eta haien artean EGEaren mugaketaren eta hura ezarriko den auzoetako (Abando eta Intxaurrondo) errentaren arteko lotura argia kritikatu zuen.

Herrietan ere bai? Jaurlaritzaren

"Hiri handiek ez ezik, tamaina ertaineko udalerriek ere hartzea trafikoa baretzeko neurriak, herri bakoitzeko errealitatera egokituta”. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak azaldu zuen Mugikortasun Jasangarriaren Planean proposatu dutela hori, Eusko Jaurlaritzaren datorren hamarkadarako proposamen gisa. Irailaren 11n Mugikortasun Jasangarriari buruzko Herritarren Foroa inauguratu zuten Bilbon eta han aurkeztu zuen dokumentua.