argia.eus
INPRIMATU
Abian da Zinemaldia: ‘Handia’-k eragin du ikusmina, ‘Fe de etarras’-ek polemika
  • Ostiral honetan abiatuko da Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 65. Edizioa. Wim Wenders zuzendariaren Submergence filmak irekiko du Sail Ofiziala, zeinean lehiatuko den Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filma.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko irailaren 22a
Sail Ofizialean lehiatuko da 'Handia' filma.

Moriarti ekoiztetxeko zuzendarien lanak ikusmina eragin duenik behintzat ez du inork ukatuko: Zinemaldiko sarrerak salgai jarri eta hamabost minutura agortuta zeuden Migel Joakin Eleizegiren historia fikzionatzen duen lana ikusteko sarrerak.

Loreak filmak izan zen arrakastaren ondoren, zuzendariak kontziente dira pelikulak eragin duen ikusminaz. Mikel Garciari aste honetako ARGIA aldizkarian adierazi diotenez, ordea, beraien ustez “bestelako harrera eta ibilbidea izango ditu film berriak, baina gu lasai gaude, pelikula ezberdina egin dugulako”.

Cobeagaren filmaren inguruko polemika

Zeresana eragin du Zinemaldia hasi baino lehen ere jaialdian proiektatuko duten film batek, kasu honetan zinemarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik: Borja Cobeagaren Fe de etarras filmaren aurkako boikot kanpaina abiatu dute, ETAren biktimak iraintzen dituelakoan.

Ustez, Cobeagaren filma komedia bat da, 2014an zuzendu zuen Negociador-en estiloan, euskal gatazkari buruzko umorea egiten duena ETB2ko Vaya semanita programaren ildoan –Cobeagak zuzendu zuen duela hamarkada bat saio hura–. Eta mota horretako umorea aspalditik egiten delako harrituta agertu da zuzendaria.

Ez da Zinemaldian euskal gatazkarekin zerikusia daukan film bat proiektatzen delako burrunba mediatikoa sortzen den lehenbiziko aldia. Cobeagaren kasuaren aurretik, Imanol Uribe edo Jaime Rosales antzeko titular errazetan sartu zitutzen, gatazkari buruzko ikuspegi “desegokiak” zabaltzeagatik.

Baina ostiraletik aurrera nagusituko dena zinema da. Eta izango da non aukeratua festibalaren sailetan: Euskal Herriko 14 produkzio ikusteko parada izango da besteak beste; Zabaltegi-Tabakalera sailean bestelako zinematografiez gozatzeko aukera izango da; eta “B aldeko” proposamenak nahi dituenak ere badauka proposamen hauen artean zer ikusi.

ARGIAk aste osoan jarraituko du Zinemaldiak ematen duena jaialdiari eskainitako kanal berezian. Fokuak, kamera… ekin!